ETAren egiletza baieztatzea agindu zien enbaxadei Ana Palaciosek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 13a, 14:46

Ser irrati-kateak eta Europa Press informazio agentziak eskuratu ahal izan duten idatziaren bitartez, mundu osoan dauden Espainiako enbaxadoreek herrialde horietako agintariei atentatuen egilea ETA izan dela baiezta dezatela agindu zuen atzo Ana Palacios Kanpo Arazoetarako ministroak.

Arratsaldeko bostak baino lehenago bidali zuen idatzia Kanpo Arazoetarako Ministeritzak, hau da, atentatuen atzean Al Kaeda egon daitekeela jakinda. "Egon daitezkeen dudak argitzeko", atentatuak ETAri leporatzeko dituzten "aukera guztiak baliatzea" eskatzen die enbaxadoreei gutunean Palacios-ek (berak sinatuta dago idatzia). Eta "beharrezkoa bada, hedabideetara jotzeko".

Halaber, "erakunde politiko baten bati", iritzi publikoa nahastea leporatzen dio gutunak. Angel Acebesek EFEri egindako adierazpenak ere jasotzen dira bertan: "ETAk bere helburua lortu du". Gainera, Barne ministroak ETAren egiletza egiaztatu duela erabat baieztatzen da bertan. Horrela adieraziko lukete lehergaiek eta "erabilitako jokabideak". Datu gehiago daudela ere esaten du, baina "jakina denez" ezin direla plazaratu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun