Eusko Jaurlaritzak eta euskal alderdi politikoek egiatzat hartu dute ETAren deia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 13a, 15:10

Madrilgo atentatuekin zerikusirik ez duela esateko ETAk egindako deia egiatzat hartu du Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak. Halaber, "egia" esatea eta egilea nor izan den argitzea exijitu dio Espainiako Gobernuari eta Jose Maria Aznar presidenteari, bere ustez, "gertaerak argitu ahal izateko froga nahikorik egon behar duelako jada".

"Ez zaio buruan sartzen Eusko Jaurlaritzari, datuak egonda, beste norabide batera zuzentzea. Egia argi eta garbi esan diezagutela exijitzen dugu", adierazi du Azkaratek Donostian egindako agerraldian. Era berean, ez-ohikoa hartu du, ETAk zerikusirik ez duela esateko deitzea, hori dela eta, "eurek ez direla izan erabat ziur" daudela baieztatu du.

Pernando Barrena Batasunako mahaikideak, berriz, ETAk gertaerekin zerikusirik ez duela adierazten duen beste frogatzat hartu zuen atzoko deia. Beste alde batetik, dimititzeko eskatu zion Jose Maria Aznarri Aralarrek, atzo kaleratutako prentsa oharraren bidez. Javier Madrazo EB-IUko koordinadoreak ere bere karguak uzteko exijitu die PPren Gobernuaren agintariei, Jose Maria Aznarri, Anjel Acebesi eta Mariano Rajoy PPren hautagaiari, hurrenez hurren. "Atentatuen egilea nor izan den jakin behar dute jada, eta horrela bada, dimititu behar dute informazioa estaltzeagatik. Eta ez badakite, berdin-berdin inkonpetentziagatik", adierazi du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun