ETB2ko albistegi berezian zehaztu zutenez, euskaraz mintzatu zen ETAren izenean ari zela esan zuen pertsona, eta hitzez hitz, honakoa esan zien: "ETA erakundeak jakinarazi nahi du atzo Madrilen izandako atentatuekin ez duela inolako ardurarik". Gero, "Gora ETA" esanez amaitu zuela agertu zuten.
Horren ostean, komunikazioa graba zezatela eskatu zien ETAren izenean ari zela esanez hots egin zuenak deia jaso zutenei. EITBn telefonoa hartu zutenek, ordea, ezin izan zuten grabatu, zeuden lekuan teknikoki ezinezkoa zelako. Orduan, deitzaileak ohartarazi zien bere ahotsa ETAk Katalunian su-etena iragartzeko zabaldu zuen bideoan ageri ziren bi pertsonetako batena zela.
ETBko iturriek Espainiako Barne Ministeritzari eta Eusko Jaurlaritzako Barne Sailari adierazi ziotenez, atzo jasotako deiaren eta, otsailaren 18an, Katalunian su-etena iragarri zuten bi ETAko kideetako baten ahotsa kontrastatu ondoren, berbera zela egiaztatu zuten.
Berria ezagutu bezain laster, hainbat hedabidetan izan zuen oihartzuna eta horietako batzuk garrantzia kendu nahi izan zioten. Horrela, Hipercorreko atentatua ez zuela beregain hartu ETAk esatera iritsi zen TVEk eta minutu gutxitara errektifikatu egin behar izan zuten.
PPri erantzun eske manifestazioetan
Oraindik ere PPk ETAri leporatzen dizkio atentatuak
ETAren egiletza baieztatzea agindu zien enbaxadei Ana Palaciosek
Eusko Jaurlaritzak eta euskal alderdi politikoek egiatzat hartu dute ETAren deia