Bremengo euskal kantariak - Xabier Kintana / euskaltzaina

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 14a, 22:14

Bremen Alemaniaren iparraldeko hiria da, Saxonia Beherean datza, Weser ibaiaren ondoan eta 553.000 biztanle dauzka. Merkatal portu garrantzitsua, industria eta garapen maila handia dituen arren, mundu zabaleko haurren artean behintzat, segur aski beste arrazoi batengatik ezagunagoa da; bertan gertaturiko ipuin famatuagatik, hain zuzen: Bremengo musikariak: Nork ez du entzun bada, gaizki trataturiko asto, txakur, katu eta oilar haiek, zein bere baserri-etxetik ihes eginda, eratu zuten kantari taldearen berri, lapur batzuk ikararazi zituena? Hirian bertan, udalaren aurreko Plaza Nagusian bada brontzezko eskultura bat, upuineko istorio hori gogoratzen duena.

Bada, kantarien hiri horrek beste nonbaiteko kantariak ere erakarri ditu oraingoan: Euskal Herrikoak, hain zuzen, eta zehatzago esateko, Bizkaiko Zornotzakoak. Hor aspaldian Siegmar Menzel bizi da, Bilboko aleman ikastetxeko irakaslea eta tronpeta jotzen musikari fina, gure herri-jaietako ohiko partaide. Eta aurten, Santa Agataren musika gure mugetatik kanpora eramatea bururatu eta ideia hori proposatu zion Zornotzako bere lagun taldeari. Pilar Barraquetak, Patxi Gonzalezek, Fran Lasuenek eta gainerako adiskideek ideia horri ondo iritzi eta urtarrilaren azken astean Bremenera abiatu ziren, hango kaleetan zehar ere, gure martiri maitearen doinuak entzunaraztera.

Esan digutenez, Alemaniako jendeak atseginez hartu zituen, bai eta txalo beroak jo ere. Zornotzako lagunek, kantaldiaz batera, Bremen inguruetan turismo bisitak egiteko eta bertako kultur giroa ezagutzeko aukera izan zuten, aleman musikari eta artistekin harremanak izanez. Aurtengo txangoaren arrakasta ikusita, jada pentsatzen ari dira datorren urtean nora joango diren. Ideia eder hau imitagarria izan daitekeela iruditzen zait, eta, litekeena da, Santa Agataren aitzakiaz, beste batzuek ere antzeko eskapadak antolatzen animatzea.

Mutur batekoen ekintza terrorista eroengatik eta beste muturrekoek gure herriaz mundu zabalean interes handiz hedatu nahi duten terrorista-etiketa bakar horrekin, egia esan, euskaldunon eta Euskal Herriaren imajina asko hondatu da aspaldiko urteotan. Horrexegatik, eskertzekoak izaten dira era honetako ekintza begikoak, gure herriaren benetako irudi jatorra eta lehenagoko izen ona nolabait berreskuratzen lagun dezaketen neurrian.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun