Ez dut horretaz berba egin gura - Unai Brea / kazetaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 16a, 22:28

2004, martxoak 15 (arratsaldeko 19:30ak, zehaztasun gehiago gura baduzue). Euskal Herria. Ematen du zutabe honek derrigorrez jardun behar duela guztion gogoan dauden gaiez, baina nik ez dut horretaz idatzi gura. Eta ez dut egingo.

Ez dut berba egingo Madrilgo eraso basati eta justifikaezinaz, ez eta Acebes Espainiako Barne Ministroak berau ETAri leporatzeko egindako ahalegin baldar eta –kontua barre egitekoa balitz- barregarriez. Ez dut berba egingo Ibarretxe euskal herritar batzuen lehendakariak ildo berean agertutako jarrera lotsagarriaz (domekan bere alderdiak hartuko zuen bozka betekadaz amesten egongo zen gizona), ez eta Sanz beste euskal herritar batzuen lehendakariak, erasoak izan eta ordu gutxira, Ibarretxeri bere plana kentzeko egindako eskariaz.

Ez dut aipatuko komunikabide gehienek bizirik zirauen azken deontologia zantzuari emandako labandako hilgarria, eta ez dut ezer adieraziko hildako batzuen eta besteen arteko desberdintasunaz. Ez daukat inongo gogorik hemen esateko barikuan Madrilgoaren berri ematen zuten kronikei esker Irak, Afganistan eta Palestinako milaka gizon, emakume eta umek jasandakoa ondo ulertzeko gauza izan nintzela, behingoz.

Espainian egunkariak itxi eta elkarteak legez kanpo utzi dituen alderdiari boterea kendu eta GAL sortu zuenari eman dioten hauteskundeen gainean ere ez dut inongo analisirik egingo. Ez naiz gogoratuko PPk, joan aurretik –Francok egin zuen bezala-, Euskal Herrian utzi zuen azken hildakoaz, ez eta tiro egin zion azkenaurreko terroristaz. Ez, ez eta ez. Gaur beste zerbaitetaz berba egiteko gogoa daukat, saskibaloiaz, berakatzaren prezioaz, edo elefanteek bizirauteko dauzkaten arazoez, esaterako.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun