Berangoztarren altxorra eskuartean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 18a, 20:42

Berangoko euskara eta bertako kultura tradizionala jaso eta ikertzeko helburuarekin, "Berango berbarik berba" liburua egin berri du Iñaki Gamindek. Herri horretako euskara gero eta gutxiagok egiten dutela ikusita, enkargua eman zion idazleari Udalak. "Ume eta gazte gehienek ez dute euskara euren gurasoetatik jasotzen", nabarmendu du arrenkuraz Miren Dobaran alkate andreak. Hori dela eta, "oraingo eta biharko belaunaldientzako ekarpen baliagarria" izatea espero dute Gamindek egindako lana. Berangoko udaletxeko bulegoetan dago salgai (liburua + CD-ROM), 12 euroren truke.

Jose Luis Lizundiak eman dio hasiera, gaur goizean, Bilboko Plaza Berriko Euskaltzaindiaren egoitzan egin den liburuaren aurkezpen ekitaldian. Teknologia arloan egiten diren I+D ekinbideekin parekatu ditu euskaltzainak "Berango berbarik berba" eta antzerako argitalpenak, hain zuzen, "hizkuntzan ere ikerkuntza eta garapen lanak beharrezkoak direlako". Halaber, BEZa gogora ekarri du, umoretsu, Lizundiak; horrelako ikerlanek "euskarako balio erantzia" daukatela adierazteaz gain, aipatutako zerga bide horretan erabili beharko litzatekeela gogorarazi die Arantza Aurrekoetxea Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako aholkulariari eta Gotzon Lobera Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusiari. Hain zuzen ere, bi erakundeen dirulaguntza jaso du ekimen honek.

Umore puntuari eutsiz, I+D izan beharrean, I+G (ikerkuntza eta garapena) izan beharko litzatekeela erantzun dio Lizundiari Aurrekoetxeak. Besteak beste, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiarekin (EBPN) lotu du Gaminderen lana Eusko Jaurlaritzako arduradunak, euskara aberasteko helburuarekin alegia. "Berangoko herriari laguntzen dio hizkuntza zabaltzeko neurrian. Hori da bidea herriko euskara osatzeko", azaldu du. Ildo berean, mota horretako azterlanei erabilera eta zabalpena ematearen garrantzia aipatu du Aurrekoetxeak. Gotzon Loberak eta Iñaki Gamindek ere erakundeek lan horretan daukaten erantzunkizuna nabarmendu dute. "Behin azterlanak edukita didaktizatu egin behar dira lan horiek, eskoletara eramateko", adierazi du liburuaren egileak.

Edadeko 23 berangoztarri elkarrizketa

Berangoko Udalaren eskaera jaso ondoren, 2003ko urtarrilean hasi zen informazioa batzen Iñaki Gamindek. Horretarako, edadeko informatzaileak aukeratu zituen, 23 berangoztar, horietatik batzuk sendu dira dagoeneko. Aldi bitan jaso ziren datuak; batetik, joaneko 20 urtean zehar eginiko hamahiru grabaldiren emaitzak batzen dira eta, bestetik, 2003. urtean eginiko 21 saioren emaitzak. Denetara 35 bat ordu jaso du Gamindek audio seinaletan eta beste 6 ordu bideoan. Soinu eta bideo grabazioak egin ondoren transkripzioak egin zituen.

Liburuak zati nagusi bi ditu; batetik, Berangoko kulturarekin lotutako testuak eta berbak eta, bestetik, linguistikotzat har daitekeen bigarren zatian, bertako euskararen ezaugarrien berri ematen da.

Horrekin batera, CD-ROM bat eskaintzen da, liburuaren edukia eta informatzaileekin eginiko elkarrizketak entzun eta ikusi ahal izateko. "Ez da fikziozko fonetika, entzun ere egin daiteke", azaldu du Gamindek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun