Kraska Gazte Konpartsak antolatuta, Gazte Eguna ospatuko da ostiral honetan (martxoak 19) Leioan. Besteak beste, 10:30etatik aurrera, herriko hainbat gaztek larruz, zilarrez eta abarrez egindako eskulanak egongo dira ikusgai Osasun-zentruko plazan. Kirola egiteko tartea ere egongo da Barandiaran ikastetxean: eskupilota, harrijasotze eta sokatira erakustaldiez gain, lagunarteko futbito txapelketan parte hartzeko aukera egongo da. Indarrak hartzeko, berriz, herri-bazkaria antolatu dute ikastetxean bertan, 14:30etatik aurrera, bertsolari eta guzti (Tiketak Kurkudin eta Ganekon). Eta jai giroarekin jarraitzeko, 17:00etan hasita, herriko eta eskualdeko musika taldeek kontzertua emango dute; afal ostean erromeriarekin amaitzeko. Lortutako irabaziak Ibilaldia 2004ko antolatzaileentzat izango dira.
Ikusi egitarau osoa agendan
Gazte Asanblada batetik sortu zen, orain dela bost urte, Leioako Kraska Gazte Konpartsa. Ordutik hona, gazteentzako jarduerak antolatzen aritu dira eta herriko auzo guztietako jaietan ere parte hartze zuzena eduki dute. Izan ere, aisialdi eredu aske eta gaztea aldarrikatzen dute, gau girora mugatu gabe, ekintza alternatiboak proposatuz.
Aurten, berriz, erronka berri bati ekin diote, urtero Leioan Gazte Eguna ospatzea eta lortutako irabaziak egitasmoren bati ematea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.