Bigarren diktadura - Jokin de Pedro / irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 19a, 20:29

Martxoak 17. Artikulu hau idaztean oraindik Madrilgo ospitaleak gainezka daude: ehundaka zauritu, batzuk oso era larrian eta beste batzuk bizia une batetik bestera galtzeko zorian. Berrehun eta bat joan dira betiko, baina zifra beldurgarri hori ez omen da bere horretan geldituko.

Sarraski beldurgarri horrekin batera, eta hari estu loturik, beste jazoera garrantzitsu bat izan da egunotan: Francoren bigarren Diktaduraren akabera; batzuek edo askok, behintzat, horrela bizi izan ditugu aznarismoaren azken urteak.

Asko idatzi, idazten eta idatziko da horretaz guztiaz. Nik zertzelada bi erantsiko ditut.

Bat: esperantzagarria izan da euskal munduan sentitu eta somatu den zelanbaiteko batasuna, bai Madrilgo izugarrikeria salatzean —egin zuena egin zuela, eta hobe egin zuenak egin zuenean eta ez egin ez zuenak—, bai inflexio une bat ikusi dugunean. Izan ere, Espainiako Gobernu berriak, Kataluniako egoera politiko interesgarriak eta terrorismoaren eskurik beltzenak, hirurek bultz egin beharko lukete den-denok Euskal Herriko auzi zaharra behingoz konponbidean jartzeko.

Bi: ea ikasten dugun benetako etsai politikoa ezagutzen: desestabilizazioaren sortzaileak non dauden eta nortzuk diren antzematen ikasi behar dugu. Eta desestabilizazio horren ondorioak ordaintzen ari direnak edo garenak asko izanik, ezin beti elkarri hau eta bestea leporatzen ibili. Katalunian gu baino lehenago konturatu dira horretaz eta oraintsu Espainiako bihotz-bihotzean ere, Madrilen, otsoa ikusi dute. Trajez jantzita zegoen, baina biboteak salatzen zuen.

Zehaztapen bat: etsai politikoa ez da hil behar. Arrazoiak, denak eta bi. Politikoki, gizarte-ekintzaz, inteligentziaz, zuhurtziaz… egin behar zaio aurre, tinko eta temati, oinarrizko eskubideen defentsan ondo bermaturik. Balorerik gabe ez da Euskal Herri garbirik eraikiko. Badaezpadan.

Orain, hitz egin dezagun…
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun