Bizkaiko Ikastolen aldeko festa, maiatzaren 30ean ospatuko da Leioan. Ane Gurrutxaga Ibilaldia 2004ko koordinatzaileak adierazi duenez, "Ibilaldia jada ez da egun bakarreko jaia, izan ere, gero eta garrantzia handiagoa hartzen dute, Ibilaldiaren karietara, urtean zehar antolatutako ekitaldiek. Ingurumari horretan kokatzen dugu igande honetan Bilbon egingo dugun Ibilkrossa".
Euskara bultzatzeaz batera, gure hizkuntza bizitzako esparru guztietara zabaltzea da Ibilaldiaren antolatzaileen asmoa, eta oraingoan kirolari tartea eman nahi izan diote. "Kirolaren barruan krosa aukeratu dugu herrikoa delako, denok parte hartzeko modukoa, eta hori da gure helburua; batzuk arinago eta beste batzuk astiroago, baina ikastolen eta Ibilaldiaren aldeko lasterketa honetan denok izerdi apur bat botatzea", gehitu du Gurrutxagak.
Jonan Bedialauneta Ander Deuna eta Betiko ikastoletako ordezkariak, eskola-kirolaren garrantzia nabarmendu du. Bere esanetan, "adin eskolarrean dauden haur guztiek kirola praktikatzeko duten eskubide bezala ulertzen dugu eskola-kirola. Oinarrian helburu hauek lortu beharko lituzke: haurren heziketa eta bere pertsonalitatearen garapena; nagusiagoak direnen kirolaren praktika ahalbideratzea eta lehiaketa hutsetik kanpo zenbait modalitate praktikatzea".
Uribitarte pasealekuan egongo da irteera eta helmuga
Partaidetza bultzatzeko ibilbide erraza eta laua aukeratu da, Eneko Gomez atleta eta Betiko ikastolako ikasle ohiak azaldu duenez. Gaztetxoenek (14 urte eta gutxiagokoak) 1.800 metroko ibilbidea egingo dute, Bilboko Udaletxearen aurrean dagoen Uribitarte pasealekutik Guggenheim Museoraino eta buelta, 11:00etan abiatuta. Helduek (15 urtetik gorakoak), berriz, sei mila metroko ibilbidea bete beharko dute; Uribitarte pasealekua, Ingelesen Kanpa, Guggenheim, Txurruka kaia, Euskalduna Jauregia eta buelta, 11:30etatik aurrera. Gaztetxoen artean, neskak eta mutilak bereiztuko dira (Nagusietan, gizon eta emakumeak), eta maila bakoitzean lehen hiru sailkatuek jasoko dute saria.
Izen-emateari dagokionez, lasterketa egun aurretik dohainik izango dute gaztetxoek, eta egun horretan bertan izena emanez gero euro bat ordaindu beharko dute. Nagusiek, berriz, martxoaren 27ra arte emanez gero 3 euro, eta lasterketa egunean 5 euro ordaindu behar izango dute. Izen ematea honako lekuetan egin daiteke: Forum-en (Bilbondo eta Artean), Campuzano plazako Sportland-en, Betiko ikastolan, Ander Deuna ikastolan eta Ibilaldiko dendetan (Sopelanan eta Leioan); aurretiaz nagusiek BBKko 20950093609105813766 kontu korrente zenbakian 3 euro sartuz.