Hasierako hausnarketa izan daiteke 200 pertsona hiltzea beharrezkoa izan dela azken lau urteetako PPren gobernu sasi-diktatorialarekin amaitzeko. Euskaldunentzat ordu gogorrak izan ziren atentatuen ondorengo aurreneko orduak. Askok seinalatu duten zama ikaragarri astuna kendu zuen gainetik Euskal Herriak ETAren hipotesia baztertu zenean, Madrilgo gobernua baino ez zuenean eusten. Inkesta guztien kontra, Alderdi Popularrak Martxoak 14ko hauteskundeak galdu zituen. Horrela definitu behar da gertatutakoa, zaila baita esatea Zapateroren garaipena eman zenik, aurrekoaren ondorio logikoa besterik ez baita PSOEk irabazi izana.
Estatu Batuetako gizarteari saltzen dioten ziririk latzen eta eraginkorrena beldurrarena da, Michael Moore zuzendariak Bowling for Columbine pelikulan argitzen duen bezala. Irailak 11ko gertaerek terrorismoaren aurkako mundu gerra abiarazteko aitzakia bilakatu ziren. Beldurra erabili izan zen sistema politiko-ekonomiko bat justifikatzeko. Gezur hura Bush bezalako pertsona jantziak erabiltzen asmatu bazuen, harritzekoa da ikustea nola horren aliatu espainiarrek etekin negatiboa atera dioten.
Raxoik ez ditu berez bozak galdu, izan ere, hautesle kopuru nabarmenik ez du galde PPk, Aznarren politika ahalguztiduna izan da aldaketaren gakoa. M11ko atentatuei diskurtso amerikarraz erantzuteko aukera izan zuen, ahoskatzen zaila den herri bat bonbardatuko zuela iragarriz akaso. Baina ez, Aznarrek ondo baino hobeto daki ETAren ekintza armatua izan dela boterea eman dioenak azken urteetan. Hori erabiltzearren joko arriskutsuaren alde egin zuen eta gezurrak bere helburuaren kontrako ondorioak ekarri ditu, irakaspen baliagarria batzuen etorkizunerako.