Guztira, 14 taldek (50 lagun inguru, 2 eta 4 pertsona artekoak izan daitezke taldeak) eman dute izena Sopelako Esaera Zaharren XI. Txapelketan. Bakoitzari 100 esaeren eman zaio, esaerok ikasteko (egunean bertan ezin izango da zerrenda eskuan erabili, txapelketaren oinarriek horrela adierazten dute).
Tabernarik taberna bertso-poteoan, 11:00etatik aurrera egingo diren kanporaketetan, bertsoak kantatuko zaizkie taldeei, bertso bakoitzak esaera zehatz bati buruzko pistak emango dituelarik. Taldeak bertsoa zein esaerari dagokion pentsatu eta esaera zaharra esan beharko du hitzez hitz. Goizeko bertso horiek ALBE Algortako Bertsolari Eskolak eginak izango dira. Beste batzuen artean, Peio Unzurrunzaga eta Miren Loizaga arituko dira kantari, eta Josu Landeta eta Fredi Paia soinu-panderoarekin.
Eguerdiko 15:00etan, berriz, bazkaria egingo da Ander Deuna ikastolako jantokian. Eta bi ordu beranduago finala jokatuko da bertan. Funtzionamendua berbera izango da, baina bertsoak bat-batekoak izango dira. Horretarako Ainhoa Agirreazaldegi eta Sustrai Colina bertsolariak izango dira.