Zigor Goikoetxea, Endika Lejarzegi eta Borja Gutierrez inputatu gisa deklaratzera deitu ditu Getxoko epaitegiak, "autoritatearen agenteei erresistentzia eta lesioak" kaeguak egotzita. Getxo udalerrian 2002an ospatu zen Ibilaldian txosna bat jartzea galerazi zien herriko gazteei Ertzaintzak, eta "euren jarkiera pasiboa zigortu nahi dute orain, polizia autonomikoak berak jarritako salaketaren bidez", Algortako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deitoratu duenez.
"Prozesu hau ere gazte abertzaleen kontrako jazarpen polizial eta judizialaren barruan kokatu behar da. Ertzaintzak gazteen ekimenak erreprimitu eta zapaltzeaz gain, gazte horiek espetxeratu nahi ditu gezurrezko salaketak jarriaz", gaineratu dute.
Endika Lejarzegi espetxean dago gaur egun, baina ez du ematen Getxoko epaitegira ekarriko dutenik deklarazioa egitera. Deialdia kalean balego bezala egin diote, eta agertu ez eta espetxean dagoela egiaztatzen dutenean exorto baten bidez hartzen zaie deklarazio presoei holako kasuetan.
Hain zuzen ere, gazteek jasaten duten "krininalizazio eta zigor politika" salatzeko asmoz, manifestazioa deitu du Bilbon larunbat honetarako (martxoak 27) Gurasoak elkarteak. Jesusen Bihotza Plazatik abiatuko da, 17:30ean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.