Soto del Realetik Burgosera eraman dute Txapi

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 26a, 21:49

Bi urtez luzatu dute Txetxu Fernandezen espetxe zigorra

Soto del Realetik Burgosera eraman dute, aste honetan, Galder Bilbao "Txapi" (Algorta), ustez diligentzia judizialetarako. Algortako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakitera eman duenez, bisita egiteko deitu zuenean jakin zuen bere aitak espetxez aldatu zutela. "Ohi bezala ez zioten esan nora eraman zuten, eta ia aste oso bat egin du bere familiak Galder non zegoen jakin gabe", gaineratu dute. Azkenean, presoak berak deitu behar izan zuen telefonoz Burgosen zegoela esateko.

Burgosera zertarako eraman duten esan ez badiote ere, itxura guztien arabera, trafiko istripu baten inguruko diligentzia judizial batzuk egiteko izan daitekeela uste du bere abokatuak. Beraz, diligentziak amaituta berriro Soto del Real espetxera itzuliko dela uste dute.

Txetxu Fernandezen (Algorta) espetxe zigorra bi urtez luzatu dute

Dagozkion erredentzioak kendu eta espetxe zigorra luzatu diote Martuteneko espetxean dagoen Txetxu Fernandez preso algortarrari. Algortako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu duenez, senideen istripuak salatzeko, preso gaixoen askatasuna aldarrikatzeko, bakartze neurrien kontra protesta egiteko... "euskal preso politikoek daramaten dinamika horretan parte hartzeagatik" galdu ditu erredentzioak.

Horretaz gain, Martutenen zeuden gainerako preso politiko guztiak, aste honetan, beste espetxeetara eraman dituztela eman dute ezagutzera amnistiaren aldeko erakundekoek, "oso urrutira eraman ere (Galizia, Valladolid, Albacete...)". Beraz, Txetxu Fernandez eta Marian Perez del Rio baino ez dira gelditzen bertan, "eta ez dakite eurek ere inora eramango dituzten", gaineratu dute Algortatik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun