"Hamaika ikusteko jaioak gara" atsotitza ez zegoen XI. Esaera Zaharren txapelketako zerrendan, baina present egon zen lehiaketan egun osoan. Hamaikagarren edizioa izateaz aparte, aurten ia talde guztiek nabarmendu zuten lehenengo kanporaketan bertsoak "oso zailak" izan zirela, "Erandio, Leioa eta Loiu, arto asko erein eta gutxi koiu" bezalako klasikoak ez asmatu izana adibidetzat jarriz.
Beste batzuek aldiz, segurtasun arazoak ikusi zituzten lehenengo kanporaketan erabilitako prozeduran: "Bertso berberak erabili dira lau ibilbideetarako eta sakelako telefonoz posible litzateke horien berri ematea". Horrelakorik ez da aurten gertatu, baina antolakuntzak horren berri hartzea ona litzateke.
Ander Deuna ikastolan izan zen herri bazkariaren ostean, Laura Mintegi idazleari egokitu zitzaion epaile lanak egitea, Sustrai Colina eta Ainhoa Agirrezabalbeitia esaera zaharrak bertso bihurtzeko beharra bete behar zutela. Hasteko, bostgarren eta seigarren postuetarako proba egin zen, pasa den urteko irabazleak (Badok Hamairu) erraz nagusitu zirela. Final erdian, Uribe Kostako bi taldeak lehia galdu eta ondoren hirugarren eta laugarren postuengatik borrokatzea baino ez zitzaien gelditu.
Finala aldiz, bihotzekoa eragiten dutenekoa izan zen, berdinketaz berdinketa igaro baitzen, baina azkenean Zorrotzako Kar Kar Kar taldea nagusitu zen, Uribe Kosta, Ezkerraldea eta Bilboko partaideak zituen Hau Pittu Hau Bilboko konpartsako taldearen aurretik.
Bukatzeko, AEKko kideek gogoratu zuten datorren urtean hitzordu bera izateaz aparte, datorren domeka euskaltzaleek bi hitzordu dituztela: Lutxanan Berbotsek antolatzen duen Kanpomartxo eta Lesakan EHEk deitutako Hizkuntz Eskubideen Eguna.