Internet bidezko sarean egongo dira Erandioko liburutegiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 30a, 22:30

Gutxi gora behera, EAEko berrehun liburutegien zerbitzuak eskura izango dituzte Erandioko Udal Liburutegietako erabiltzaileek, txartel berri baten bidez. Izan ere, Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalean (ELSN) dauden udal liburutegi guztiekin internet bidezko sarea sortu nahi du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta horretan parte hartzea erabaki du Erandioko Udalak.

Mikel Arieta-Araunabeña alkateak azaldu duenez, "baliabideak konpartitzeaz gain, liburutegietako jardunbide teknikoek dakartzaten denbora eta kostuetan nabarmen aurreztuko da. Horretaz aparte, kalitate handiagoko zerbitzuak eskainiko zaizkie erabiltzaileei".

Besteak beste, lankidetza zerrendaketan, irakurle-txartel amankomuna, liburu eta materialen elkartrukaketa, politika amankomunak erreklamazioetan edota katalogazioan... bultzatuko dira egitasmoaren bidez, eta horretaz baliatzeko aukera izango dute parte hartzea erabakitzen duten ELSNko liburutegi guztiek. Bide batez, liburuak zerrendatzeko orduan bikoizketak saihestuko dira eta, hornitzaile eta erabiltzaile datu base amankomuna edukiko dute guztiek. Beraz, irakurleek sare osoaren erabiltzaile izango dira.

Sare berrian sartzeko, liburutegiek egin beharreko esfortzua ere ez da gutxiagorako izango. Izan ere, bazkideen txartelak berriztatu, datu baseak berrantolatu eta etiketa berriak (barra kodeak) jarri beharko dizkiete euren ondareei. Erandion 26 mila erregistro daude guztira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun