Unibertsitate errepresiborik ez-Jexuxmari Zalakain/EHUtik kaleratutako irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 30a, 22:57

Gauza asko esan daitezke EAEko Unibertsitate Publikoari buruz: batzuk axalagoak, beste batzuk mamitsuagoak. Ugari eta askotarikoak esango dira asteotan, UPVko hauteskunde- kanpainan. Nik puntu bat azaldu nahi dut, esan daitekeen gauzarik funtsezkoena izan ez arren, unibertsitatearen barne-jarrera edo jitea adierazten duena baita: errepresio-giroa, alegia. Hurrengo errektoreak giro hori heredatuko du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitate Publikoa unibertsitate errepresiboa da gero eta gehiago: mendekuzalea, eskubide-bortxatzailea eta, batik bat, inpunea; eta ez preseski komunikabide gehienek esaten diguten eran ­etakideek gobernatzen omen dutela unibertsitatea­, baizik eta guztiz kontrakoan. UPVren goi agintariek eta goi erakundeek errepresioa ezarri dute lege, eta, nire iritziz, askoz ere penagarriagoa eta salagarriagoa da instituzioak berak inpunitate osoz ezartzen duen errepresio zentzugabea, edozein herritarrek edo taldek eragin dezakeen bortxa baino.

Barberáren garaian sartu zituzten Protecsak Leioako campusean, garbiketako emakumeen grebak mozteko. Orduz geroztik, hiru campusetara zabaldu dira, eta betiko geratu direla dirudi, eraikin, fakultate, jantoki, korridore eta espazio guztia okupatuz. Seguritatea (!) zaintzeko omen direnak, egiatan disidentzia egurtzeko eta abertzaleen mobidak zelatatzeko daude. 1993an Joserra Etxebarria bere bulegoan entzerraturik zegoela agertu zen lehen aldiz Josu Zubia, bizkartzain-lanetan. Gero, seguritate-buru (!) izendatu zutenean, Protecsak militartzen saiatu zen: ezkutuak, kaskoak, borrak, esku-burdinak, mozorroak soinean, formazioan erasotzen zuten.

Goirienaren garaian abiatu zen errepresiorik beltzena irakasle kaleratuon kontra, gurekin akordioa lortu, sinatu eta gero zapuztu zuenean. Berak eta Salaburuk erabili zituzten inork baino gehiagotan Protecsak eta ertzainak unibertsitatean mugitzen den edozeini eta edozeri eraso egiteko. Auskalo zenbat aldiz sartu zituzten ertzainak Leioako campusean ikasleen protestak tiroka eta zalapartaka desegiteko edo irakasle kaleratuok Erandioko ertzain-etxera eramateko. Guk ezagutu dugun errektorerik bortitzena Pello Salaburu izan da, agian bera izan zelako Goirienarekin egindako akordioa praktikan jar ez zedin gehien saiatu zena. Errektore izan aurretik ere berak idazten zituen artikulurik gordinenak eta bortitzenak irakasle-sistema propioaren aldeko mugimen- duaren kontra. Demokrata-planta gehien egin eta egiten duena izan arren, bera in person ausartu zen klaustro barruan ikasleek zeramaten pankarta bat eskuetatik tiraka modu txarrez kentzen. Euskaltzaina izan arren, berak itxi zuen lotsaz gorritu gabe euskarazko "7 baietz!" aldizkari ederra, Josu Zubia seguritate-buruaren (!) aurpegia atera zutelako azalean.

Monteroren agintaldian dena sofistikatu da: campusak bideoz josita daude, sekreta susmagarri gehiegi daude bazterretan, uniformatuak, bizkartzainak eta abarrez gain. Ezer gertatu aurretik etortzen dira orain ertzainak: debeku prebentiboak, nonbait! Inguruak elektrifikatzea geratzen zaie. Okerrena da unibertsitarioak ohitu egin direla, arazorik gabe onartzen dela jende armatua campusean, eskaileretatik gora eta behera, pankartak eta oharrak irakurri eta kentzen, argazkiak ebasten. Inoiz ikasle-talde batzuk bideobigilantziaren kontra oldartu direnean, salatuak izan dira eta terrorismoaren mamua jausi zaie gainera. "Egunkaria"ren itxieraren eta Espainiako Unibertsitate-legearen kontra agertzeagatik, indarrez hartu zituen ehunka ikasle, ertzainak bidaliz, eta Ertzaintzak epaitegietan salatu dituenean, berak ez ditu defendatu. Mendeku-kutsua duen prozesu baten ondoren Xamardo irakaslearen kaleratze lotsagarria ezin da aise ahantzi; gainera, inoiz inongo unibertsitatetan har daitekeen erabakirik krude- lena hartu da Montero errektore dela: ikasle presoei UPVn ikasteko aukera kendu zaie. Egia da kontra agertu dela hitzez, baina lasai asko erraztu ditu txostenak eta espedienteak.

Irakasle kaleratuoi soilik dagokigun arren, atal berezia merezi du gure kontra inongo bermerik gabe eta prozesurik ireki gabe hartu diren azken neurri errepresiboak. Ez ditut errepikatuko laurogeita hamarreko hamarkadan jasandako gehie- gikeriak. Ezagunegiak dira. Baina azken hiru urteotan inoren eskandalurik gabe jasaten ari garena deskribatu nahi dut, ahalik eta laburren. Kontua da, 2000ko abenduan lehergailu bat jarri zutela Kazetarita Fakultatean, eta, besterik ezean, irakasle kaleratuok jasan behar izan ditugu ondorioak. Egun haren biharamunetik ez zaigu Fakultate hartan sartzen uzten, eta guardiak jarri dira horretarako bakarrik Fakultatearen sarreran, egun osoan txandaka. "Porque me da la gana" izan zen orduko errektoreorde Rivasek emandako arrazoia, Susperregi Dekanoa zela. Eta orain arte ez dugu besterik entzun.

Azken boladan gutariko batzuek beste saio bat egin dugu arrazoi bila, eta orain ziur esan dezakegu: inongo agindu formalik gabe, campuseko, Kazetaritza Fakultateko eta goragoko agintariek ­Lakuan badakite­ ile galki, inpunitate osoz eta indar armatuz debekatzen digute sarrera. Hainbat gauza ziurta ditzakegu, zuzenean entzun ditugulako. Badakigu Mata dekanoak ez duela agindurik eman, baina ez da ausartzen guardiak kentzen, besteak beste "irakasle-mordo baten" beldur eta "gauzak dauden bezala uzteko" gomendatu omen diotelako zerbitzu juridikoek. Badakigu Andetxaga gerenteak ez duela agindua eman, baina ez dago prest guardiei ezer eskatzeko, bere "egitekoa ez delako". Badakigu UPVko seguritate-indarren buru Etxaguren ertzainak ez duela agindua eman, eta berak egindako ikerketa eta kontsulten arabera, "idatzizko agindurik ez dago".

Halaber, debekua bera "campusera etorri aurretik jarrita zegoenez", bere "borondatearen kontra" mantendu egingo duela, baietsi digu. Campuseko errektoreorde Muruak ez gaitu hartu nahi izan, baina, Errektore-etxeko korridoreetan harrapaturik, esan digu berak ez duela "horretan erantzukizunik" eta "hortik aurrera ez daukala esateko ezer". Montero errektoreak, berriz, idatziz bakarrik erantzun digu, bi aldiz: batean, debekua jartzeko "iritziak ez direla aldatu" esateko, eta, bestean, "iritziak zein diren" eta "iritzien araberako agindu idatzia non dagoen" eskatuta, "Arartekoari egindako kontsultan esan beharreko guztia" esan ziola. Beraz, ezer ez; modurik lotsagarrienean txuleatu baitzuen Ararteko anderea, honek behin eta berriro esan zion arren, eskubidea dugula "idatziz jakiteko, nork jarri duen debekua, zergatik eta noiz arte". Amaitzeko ­gure ustez errektore-taldea gezurretan ari dela konfirmatuz­, hauxe aitortu digu UPVko Zerbitzu Juridikoetako buru Emiliano Garmendiak: "Guri galdezka etorri zitzaizkigunean, esan genion ezen pertsona bakar batzuei unibertsitateko toki batean sartzea debekatzeko, idatzizko prozesua ireki behar dela legez". Nahita egin ez dutena, hain justu.

Gara egunkarian argitaratutako iritzi artikulua, 2004eko martxoaren 18an
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun