Teknologia berriak enpresa txikietara egokitzeko egitasmoa Getxoko Behargintzan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 31a, 23:28

Getxoko Enplegu eta Ekonomia Garapenerako Zentroak (Behargintza) negozio-linea berriak abiarazteko laguntza emateko zerbitzua indartzen segitzen du eta gainera iaz enpresak sendotzeko eta aholkuak emateko zerbitzuari bultzada berezia eman zion, neurri handi batean, "Zurekin sarean" leloa duen ekimenean parte hartzearekin. Egitasmo aitzindari honetan Bizkaiko 28 erakunde ari dira elkarlanean, teknologia berriak enpresa txikietara egokitzeko. Proiektu honetan parte hartzeko udalerriko 19 enpresa izan dira aukeratuak eta une honetan hezkuntza jasotzen ari dira; baita diru laguntza eta bitartekari materialak ere. Egitasmo honen helburua, metodologia eta egokitze plangintza bat sortzea da.

Montse Rodriguez Getxoko Behargintzako arduradunak gaur adierazi duenez, proiektu honetan parte hartzen duten 19 enpresatatik 14k dagoeneko egokitze plangintza dute eta horietariko askok hezkuntza prozesua ere jarri dute martxan.

Beste alde batetik, enpresa berriak sortzeko laguntza zerbitzua gora doa. Zerbitzu hau pertsona bakoitzari bere enpresa ideia planteatzen duenetik martxan jarri eta sendotu arte laguntzean datza. 2003 urtean udalerriko 250 lagunek aurkeztu zituzten beren enpresa proiektuak. Behargintzak 20 enpresen sorreran lagundu zuen eta enpresa hauek 27 lanpostu ekarri dituzte. Kopuru hau errepikatzen ari da azkenengo urteotan.

Enplegu eta Ekonomia Garapenerako Zentroak pertsona hauei, besteak beste, orientazioa eta informazioa, kudeaketarako formakuntza eta tutoretzak eskaintzen dizkie. Gainera Getxoko Behargintzak zenbait banketxerekin lortutako hitzarmenen bitartez prozesua arintzea lortu dute.

2003 urtean Behargintzako enpresa ekimenen zerbitzuak 15 hezkuntza ekintza antolatu zituen, guztira 380 ordu, eta gainera aurkeztutako proiektuen bideragarritasuna aztertzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun