Izugarrikeria hura gertatu zenean hamar egun baino ez ziren geratzen udaberriari ongi etorri ofiziala emateko. Tren haietan guztietan bidaiatzen ziren ilusioz eta proiektuz beteta zeuden pertsonak: umeak, gazteak, nagusiak... Batzuek euren asmo oro segundo batean galdu zituzten bidai madarikatu hartan eta beste batzuek jaioberri direnak, haien esanetan- markatuta izango dituzte bere bizitzak betiko.
Eta gu, zer? Nola egingo diogu aurre aurtengo udaberriari triskantza hura hain gertu izanda? Nik behintzak ezin ditut burutik kendu telebistako eta argazkietako irudi beldugarriak; ezin ditut ahaztu bidaiarien familien etsipena eta desesperantza egun osoan haien senitartekoen bila ibili eta gero, kasu askotan, 190 kasutan hain zuzen, gorputegian aurkitu zituzten arte.
Astenia da udaberrian gutariko askok jasaten dugun patologia medikoa. Ez omen da oso larria baina, fisikoki zein psikikoki, nekea, ahultasuna, tristura
indarrik gabe uzten gaitu asteniak egun batzuetarako. Fenomeno honek ez du jatorri argirik adituek diotenez urtaroaren aldaketarekin zer ikusirik izan daiteke- ez eta tratamendu mediko zehatzik ere. Kasu arruntetan, egun batzuk pasatu eta gero desagertzen dira sintoma guztiak eta gorputzak berreskuratzen du bere betiko indarra.
Martxoaren 11n sortutako udaberriko astenia hau gaindintzeko gai izango ote gara? Litekeena da guztion laguntza eta elkarrizketa behar izatea bizi garen mundu ero eta bere onetik ateratako honetan aurrera egiteko.
Gezurra badirudi ere, udaberrian gaude. Urtaro erromantikoena da askorentzat baina aurten euria eta hotzarekin agertu zaigu bat-batean. Euria eta hotza kaleetan, eta euria eta hotza gure bihotzetan. Agian udaberriak berak ere ez zuen gogo handirik txoriak kantatzen, liliak loratzen edo maiteminduta dagoen pertsona oro disfrutatzen ikusteko Madrilen martxoaren 11n gertatutako sarraskiaren ostean. Hain urrun eta hurbil dagoen Madril hirian gertatu zen ezbeharrak berebiziko eragina izan du gu guztiongan.