Arte garaikideko hainbat maisuk osatutako epaimahaiak egingo du 50 artista onenen hautaketa, eta horien izenak maiatzean emango dituzte ezagutzera. Hautatutako sortzaileek euren lanak erakutsiko dituzte, ekainaren 4tik 6ra bitartean, Areetako Geltokiko Plazan jarriko den 2.500 metro koadroko karpa erraldoian.
Horrela, Getxoartek "garatze bidean diren artistei, euren lanak jendaurrean erakusteko aukera eman nahi die, eta aldi berean, aretoa artista gazteen funtsezko topaleku bihurtu", Getxoko Kultur Etxetik adierazi dutenez. Horrezaz gain, arte plastikoen garapena sustatu nahi du, baita ekoizpen sortzailea ere. Gainera, proiektu anitzei bide emango dieten ikuspuntu zein kode artistiko berrien bilaketa bultzatzea du helburu Getxoartek, "horiek izango baitira arteen etorkizunaren oinarri".
Parte hartzeko baldintzak
Getxoarten parte hartu nahi dutenek 35 urte baino gehiago edo adin hori 2004 urtean betea izan beharko dute. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan jaioak, bertako administrazio-auzotasunaren jabe edo EAEko ikasle izan beharko dira.
Hautatuek lanak stand batean erakusteko aukera izango dute, doan. Horrezaz gain, euren eremuko argiztapen eta seinaleztapen zerbitzuak ere doan izango dituzte. Gainera, Getxoartek katalogo zabala argitaratuko du parte hartzen duten artista guztien lanen berri jaso eta modu horretan lan artistikoak jendartera errazago zabaltzeko.