Datorren urte hasierarako egongo da Ereaga eta Maria Kristina arteko igogailua

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko api. 1a, 22:31
Ereaga eta Algorta auzoko goikaldea lotuko dituen igogailua egiteko proiektuaren lanak esleitu ditu 1.396.686,31 eurotan Getxoko Gobernu Batzordeak. Hondartza eta Maria Kristina parkearen artean, igogailu inklinatua eraikiko dute. 43 metrotako desnibela gainditu beharko du honek, 75 metrotako ibilbidean zehar. Iñaki Zarraoa alkateak azpimarratu duenez, "ez du ingurunean eraginik izango". Izan ere, berak azaldutakoaren arabera, 2,15 metroko zolarria izango duenez, "aldameneko landareek nahikotxo izkutatuko dute". Alboan, landareak eta zuhaitzak ere jarriko omen dira. Aurrikusitakoaren arabera, hamar hilabetez luzatuko dira lanak. Beraz, 2005eko hasierarako izango da martxan igogailua.
Beste alde batetik, beste toki batzuetan aurrera eraman beharreko hainbat lan onartu ditu Getxoko Udalak, 516.297,42 euroko zenbatekoan.

Lexarretako zubia

Besteak beste, Valdés eta Berango artean dagoen Gobela ibaia zeharkatzeko zubia bota eta berria egingo dute. Izan ere, estua eta bihurgune ugarikoa da egunekoa. Zubi berria 18 metroko distantzia izango duten euskarrien gainean kokatuko da, Gobela ibaia bideratzeko proiektuarekin bat etorriz. Errepide berriaren zabalera 8 metrokoa izango da eta bi aldeetan bi metroko espaloiak jarriko dira. Ibaiarekiko kota 9 metrokoa izango da.

Etorkizunean ibaia bideratzeko aurreikusita dagoen proiektuari begira, ingurua era egokian utziko dute. Lan hauek trafikoaren aldaketa batzuk ekarriko dituzte, Larrañazubiko aldera joateko Fadurako atzeko partetik joan behar izango baitute ibilgailuek. Guztira, 472.258,96 euro inbertituko dituzte lanetarako eta 4 hilabetekoa izango da iraupena.

Gobelaurreko bolondresen zentroa

Azkenik, Gobelaurre plazan kokatuta dagoen bolondresen aretoa egokitzeko lanak ere esleitu dituzte, 44.038,46 euroko zenbatekoan. Hauek egiteko epea bi hilabetekoa izango da eta udaldian eramango dituzte aurrera, orduan areto honen erabilpena txikiagoa izaten baita. Egingo dituzten zereginen artean, ura, elektrizitate eta gas naturalaren instalakuntzak egokituko dituzte eta baita kanpoko arotzia ere. Gainera arrapala bat ere jarriko dute, gunerako sarbidea errazteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun