Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, fiskalak 22na urteko espetxe zigorra eskatu ditu Kepa Saratxaga, Arkaitz Goikoetxea eta Endika Lejarzegi Algortako preso politikoentzat. Hain zuzen ere, "Ertzaintzaren muntaia polizial eskandalagarritzat" jo dute gertatutakoa.
Galdakaoko erasoa
Madrileko Audientzia Nazionaleko Fiskalak 1999ko Gabonzaharreko 1:45ean Galdakaoko Guardia Zibilaren kuartelaren aurka egindako kale-borroka erasoan parte hartzea leporatzen die Saratxaga, Goikoetxea eta Lejarzegirekin batera, beste 8 gazteri ere bai. Horietatik, bat Bilbokoa da, beste bat Durangokoa eta gainerakoak Galdakaokoak.
"Besterik gabe, Ertzaintzak atxilotutako horietako gazte batzuei komisarian sinarazitako deklarazioetan" oinarritzen da akusazioa, amnistiaren aldeko erakundekoek nabarmendu dutenez. "Komisarian sinatutakoa gero ukatu egin zuten epailearen aurrean deklarazioa egitera eraman zituztenean, torturaz sinarazi zizkietela esan zuten eta dena Ertzaintzaren muntaia poliziala zela salatu. Poliziaren 'deklarazio' horiez gain ez dago inolako akusazio elementurik, ez ADN frogarik, ez eta aztarna txikienik ere", eman dute aditzera.
Akusatuen abokatuek adierazi dutenez, akusatuetako zenbaitek frogak aurkeztuko dituzte, egun eta ordu horretan beste leku batean zeudela egiaztatzeko: "Akusatuetako batek, esate baterako, istripu bat izan zuen Laudion eta, alkoholemia kontrola zela-eta, Ertzainek beraiek erretenituta zeukaten erasoa gertatu zenean. Beste batzuk taberna lanetan ari ziren beste herri batzuetan". Gainerakoen kasuan, zail ikusten da non zeuden frogatzea, baina aurrekari horiekin akusazio osoak zentzurik ez duela erakutsi nahi dute.
Saratxaga, Goikoetxea eta Lejarzegiren kasuan, alde batetik, eurek beti ukatu dute eraso horrekin zerikusirik daukatenik, komisariako zein epaitegietako deklarazio guztietan, eta, beste aldetik, euren lagun eta familiarrek berretsi egin dute egun eta ordu horietan Algortan izan zirela gabonzahar gaua ospatzen.
Galdakaoko Guardia Zibilaren aurkako eraso horretan, fiskalak dioenez, 50 koktel eta hainbat zuziri bota zituzten, eta Guardia Zibil bat zaurituta gelditu zen erasoaren ondorioz, 2. graduko erredurekin.
20 urte eskatzen ditu fiskalak
Fiskalak 18 urte eskatzen dizkie sutea eragiteagatik eta 4 urte lesioengatik, beti ere lege terroristari jarraiki. Baita ere, ehun mila euro inguru eskatzen die kalteak ordaindu eta Guardia Zibilari indemnizazio moduan emateko.
Epaiketa hau uda baino lehenago egingo delakoan daude akusatuen abokatuak. Izan ere, fiskalak urriaren 28an sinatu zuen bere eskaera eta orain defentsa idatzia egin eta frogak proposatzeko tramiteak burutzen ari dira. Horren ostean epaile instruktoreak epaiketaren data finkatzea besterik ez da gelditzen.
Tortura salaketak
2002ko urrian eta azaroan Ertzaintzak Ibai-ezkerrean, Uribe Kostan, Durango aldean, Galdakaon, Basaurin, Bilbon... egindako sarekadetan atxilotu zituzten orain akusatutako guztiak.
Amnistiaren Aldeko Mugimendukoek nabarmendu nahi izan dutenez, sarekada horietan "atxilotutako guztiek tortura latzak salatu zituzten eta oihartzun nahikoa izan zuen salaketak" hainbat komunikabideetan, "Eusko Jaurlaritzatik ezkutatzeko sekulako ahaleginak egin zituen arren. Horren ondoren Eusko Jaurlaritzak atxilotuen eskubideak bermatzeko 'protokolo' bat martxan jarriko zutela iragarri zuen, baina tratu txarretako salaketek jarraitu egin dute geroztik ere", gaineratu dute erakundekoek.
Bere momentuan Torturaren Aurkako Taldeak eta Askatasunak esan zuten sarekada eta tortura horien bidez Ibarretxeren plana Espainiaren aurrean "legitimatu" nahi zuela Eusko Jaurlaritzak. Algortako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren hitzetan, "Eusko Jaurlaritzak terrorismoaren aurkako paladin modura agertu nahi izan zuen, 'terroristen' interesen alde jokatzeaz faxista espainiarrek egindako akusazioen aurrean, eta horretarako ez zuen beste biderik aurkitu mugimendu abertzalearen gazte sail batzuk atxilotu, torturatu eta horren 'emaitzak' aurkeztea baino".
"Eskandaku izugarria"
Akusatu guztiak, bat izan ezik, espetxean daude gaur egun. Kalean dagoen hori fidantza ordainduta "behin behineko askatasuna" aplikatu zion epaileak. Lejarzegiren kasuan ere, 2002ko urriaren 24an atxilotu eta libre utzi zuten kargurik gabe. Gero, 2003ko ekainaren 23an atxilotu zuten berriro eta espetxean dago harrez gero.
Abokatuen iritziz, akusazioei "inondik inora eusterik ez" dagoen arren, Audientzia Nazionaleko jokaera ikusita, "gazte hauek euren bizitza osoa kartzelan egiteko arrisku larrian daude", amnistiaren aldeko erakundeko kideek adierazi dutenez.
Euren esanetan, "eskandalu izugarri baten aurrean gaudela esan beharko genuke. Baina zapaltzailearen logika nagusi denean errepresioa edozeinen gainetik pasatzeko gai da: gaur gazte abertzale hauen gainetik. Bihar... gu izan gaitezke. Guztion zeregina da, bada, muntaia polizial hauek salatu eta zapalketari aurre egitea".
Informazio gehiago:
Algortako Amnistiaren Aldeko Mugimendua
e.mail: oihua@kaixo.com