Guztiontzat ezagunak diren beste gartzelaratze batzuen aurrean, Jose Luis Franco eta beste 9 kide 2002ko apirilean 18/98 sumarioa zela eta, Martxelo Otamendi eta besteak Egunkariaren aurkako erasoan iazko otsailean, aukera izan nuen Batasunako zinegotzi kideekin batera Getxoko Udaleko osoko bilkura banatan operazio polizi-judizialak salatzeko eta gartzelaratutakoen askatasuna aldarrikatzeko. Kasu biekiko sentsibilitate desberdina agertzearekin batera, ez batean, ez bestean, EAJ eta EAko zinegotziek eta alkateak ez zuten pertsona hauen askatasuna eskatzeko pausurik eman.
Horrelakoetan klitxe modura erabiltzen den leloa, "Utz diezaiegun epaileei euren lana egiten", gero eta gutxiago jasan dezaket. Epaile asko dira justiziaren kontra lanean ari direnak.
Iazko otsailean eta orain tortura hurbilago ikusi ahal izan du herritar askok norbere etxeko egongelatik, baina tamalez beste askok larruan jasan behar izan du. Zenbat izan dira azken urteotan Ainarak bezala, tarteka arnasa hartu ahal izateko behintzat, edozer esan dutenak?
Pozgarria da honelako kasu baten aurrean ahots desberdin asko altxatzen ikustea, baina gogorra egiten zait une puntual batzuetan bakarrik honelako erantzuna izatea eta are gogorragoa egiten zait Espainiako agintariek tortura salaketak errefusatu eta torturak izatea sistematikoki ukatzen duten bezala, agintari autonomikoek ere euren ardura esparruan ukatze prozedura bera erabiltzea.
Mikel, Aurken Jorge eta Ainara kalean daude, baina beste atxiloketa batzuk ere izan dira, tartean Garzónek agindutakoa euskal kulturgintza berriro ukituz. Martxoko azken egun hauek argi erakutsi digute aldaketak ez direla berez etorriko. Balia ditzagun aldeko haizeak, makurtu ez gaitezen kontrakoen aurrean!