Pasatu dira, bada, hauteskundeak eta bukatu da lehia: Juan Ignacio Perez dugu errektore. Eta orain, zer?Hasiak dira batzuk eta besteak UPV/EHUren aldi berrirako prestatzen. Garbi dago gobernu-ardura hartu dutenek beren programa eta jokamoldeak gehiegi baldintzatzen ez dituztenekin hitzartuko dituztela aliantzak eta badira, seguru, horretarako prest daudenak, eta garbi dago jarrera espainolistetan zeharo lerratuta daudenak oposizioko lanetan arituko direla.
Ez dago hain garbi, ordea, zer rol jokatuko duen Iñaki Antiguedaden taldeak, historikoki «sektore kritiko» deitutakoa ordezkatzen duenak. Ikuskizun dago, bestalde, zenbaterainoko eragina izango duen errektore aldaketak UPV/EHUn eta, albo-eraginez, Euskal Herriko unibertsitateen esparru osoan. Ezin jakin, bada, jokaleku berri baten atarian gauden, ala, aktoreak aldatuta, UPV/EHUren joko-eremuak bere horretantxe iraungo duen.Euskal Herriak Euskal Unibertsitatea mugimenduak, kontinuismoa ez, baizik planteamendu berriak nahi lituzke, eta, esan gabe doa, esku-hartze positiboagoa eta aktiboagoa nahi luke Euskal Unibertsitatearen gai zaharraren aurrean.
Aspaldikoak izanagatik, gogora ekartzekoak dira 1977an, Jakin aldizkarian, Karlos Santamariak idatzitakoak: «Asko mintzatzen da, egungo egunean, Euskal Unibertsitate delakoari buruz. Baina, zer da Euskal Unibertsitatea? Euskaldun askorentzat, Euskal Unibertsitatea, Euskal herrian dagoen unibertsitatea da. Niretzat, berriz, Euskal herrian egotea ez da nahikoa. Nahiz eta 'Euskal Herriko Unibertsitatea' gure herriaren etorkizunerako oso onuratsua izan (hau ez du inork ukatzen, gauzak alde praktikotik hartuz gero behintzat), hori Euskal Unibertsitatea ez dela ... esango dut nik, izen truke horretan arrisku handia ikusten bait dut».
Hogeita zazpi urte pasatu dira harrezkero, eta Euskal Herriko Unibertsitateak sortu dira, bat baino gehiago. Baina, euskal kulturaren eta hizkuntzaren alma mater izango den euskarazko unibertsitaterik ez da sortu. Askok esan dute: ez da beharrezkoa, ezinezkoa da, ez da komeni, daudenekin nahikoa dugu...Jarrera aurkako edo eszeptiko horien funtsa kuestionatzen hasi gabe, garbi utzi nahi dugu zinez balioesten dugula Euskal Herriko unibertsitateetan, gaur egun daudenetan, egiten den lana. Nola ez dugu, bada, baloratuko! Eta aurrera begira ere, unibertsitate horien garrantzia eta betekizuna ez dugu zalantzan jartzen.
Gure iritziz, hala ere, beharrezkoa da Euskal Unibertsitate bat sortzea. Euskararen hizkuntz komunitateak unibertsitate bat behar du modu naturalean garatzeko. Aitzindari, bide-erakusle, erreferentzia izango den unibertsitate bat behar du. Zenbat aldiz entzun dugu hauteskunde-kanpainan, etsipenez bezala, «unibertsitatea gizartearen ispilu da», euskarak UPV/EHUn dituen gabeziak eta miseriak gizartearen proiekzio direla adierazteko. Egoera diglosikoa iraunarazteko gogoa dago hitz (itxuraz) etsitu horien atzean. Azken batean, hitz horiek hainbat eta hainbat unibertsitarioren jarrera agertzen dute, eta zama astun eta atzerakoi hori unibertsitateen muin-muinean dago, ondo gotortuta. Diglosia berezko bihurtu da, eta euskararentzat diglosia atzerabidearen sinonimoa da.
Ez, unibertsitateak ez luke gizartearen ispilu izatearekin konformatu behar. Unibertsitateak eraldaketarako motore izan behar du. Eta ez gizartetik unibertsitatera, baizik unibertsitatetik gizartera proiektatu beharko litzateke jarraitu beharreko eredua.Behar dugu eta, gainera, abagune egokia da honako hau Euskal Unibertsitatea sortzeko. Faktore askoren konfluentzia gertatzen da une honetan. Hiru aipatuko ditugu hemen.Batetik, UEUk bere II. kongresuan Euskal Herri osoa hartzen duen Euskal Unibertsitate bat sortzeko hartu zuen erabakia nabarmendu behar da.
Hausnarketa estrategikoan murgildurik, «UEUk Euskal Unibertsitatea sortzeko zeregina bere gain hartzen du, egitasmo horretan bat datozenekin elkarlana bilatuz», dio hitzez hitz kongresuan erabakitakoak. Hasi berria da zeregin horretan Sustapen-Batzordea, zehazki, Euskal Unibertsitate berri horren bideragarritasuna aztertzen, sortze-prozesua diseinatzen eta nolakotasunak zehazten. Sustapen-Batzordea hasi berria da, baina UEU helduaroan dago, hortaz, aurreko saioen irakurketa kritikoa egin beharko da, lehen-lehenik.Bigarrenik, espero izatekoa da UPV/EHUren zuzendaritza berria abegikorragoa izango dena Euskal Unibertsitatearen etorrerarekin.
Bi unibertsitateak kontrajarri ordez, etorkizunari begira, espazio unibertsitarioa osatzeko eta elkarlana bultzatzeko ikuspegia indartzea komeni da. Euskal Unibertsitate batek ez luke, gure ustetan, UPV/EHUko hizkuntz erabileraren normalizazioa eragotziko, baizik eta azkartu egingo luke.Hirugarrenik, Europako konbergentzia prozesuak egokitu beharra dakar unibertsitate-mundura. Egokitze-fase hau egokia dateke Euskal Unibertsitatearen homologazioa koordenatu horietan kokatzeko.Ez da ahaztu behar, bestalde, Euskal Unibertsitatearen alde 31000 sinadura bildu direla dagoeneko. Gizartearen zati handi batek bat egiten du Euskal Unibertsitatearen egitasmoarekin.
Hain zuzen ere, aldarrikapen horri forma emateko, «ezina ekinez egina» manifestua plazaratu da berriki, Euskal Unibertsitatearen ezaugarriei eta sortze-prozesuari buruz eztabaida pizteko xedez. Gizartearen inplikaziorik gabe, izan ere, ez da Euskal Unibertsitaterik eraikiko.UPV/EHUko hauteskunde-lehia bukatu da. Lanean hasteko garaia da. Beste zenbait eragilerekin batera, UPV/EHUk zer esan eta zer egin handia du Euskal Unibertsitatea sortzeko prozesuan, eta hauteskunde hauetan gailendu diren indar euskaltzaleek egundoko erantzukizuna dute.Hori guztia, Alfontso burutik kendu ezinda. Libre nahi dugu.
Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikulua 2004eko apirilaren 5an