Goizeko bederatzietan emango diote hasiera probari, Faduran eta amaiera ere bertan izango da. Lasterketa Urduliz, Laukiz, Unbe, Butroi, Plentzia, Gorliz, Armintza, Jata, Bakio, San Pelayo, Bermeo, Sollube, Larrauri, Maruri eta Andrakatik igaroko da eta ondoren, Plentzia, Barrika eta Sopelana igaroko ditu, ehun kilometro osatuz, berriz ere Fadurara iristeko. Hala ere, esan bezala, 82 kilometroko beste lasterketa bat ere egongo da. Bi lasterketetan bi kontrolgune jarriko dituzte, Bakiokoan jaki solidoak banatuko dituzte eta Sollubeko mendatean ezarriko duten kontrolean osagai likidoak izango dira eskuragarri. Ibilbidea amaitu ostean, Fadurako barrutian (atletismoko zona, belodromoaren aldetik sartuta), dutxak eta komunak jarriko dituzte.
Araudiak jasotakoaren arabera, proban parte hartzen duen orok, nahi eta nahi ez erabili beharko du kaskoa. Arau hori betetzen ez duena lasterketatik kanpo geratuko da.
Aldez aurretik izena eman nahi duenak apirilaren 12ra arte izango du horretarako aukera, posta arruntez edo Punta Galea Txirrindularitza Elkartearen egoitzan bertan izena emanda: Illetas kalea, 10 - behea. Telefono zenbakia - Fax zenbakia: 94 430 76 31, 48990 GETXO. Horrezaz gain, mezu elektroniko bidez ere eman ahal izango du izena, puntagalea@euskalnet.net helbidera idatzita. Aldez aurretik izena ematen duten guztien artean sari bat zozketatuko da.
Zazpi kategoria
Antolatzaileek zazpi kategoria bereizi dituzte: 18 eta 34 urte bitarteko emakumezkoak, 35 urtetik aurrerako emakumezkoak, 18 eta 34 urte bitarteko gizonezkoak, 45 eta 54 urte bitarteko gizonezkoak, 55 urtetik 64ra bitarteko gizonezkoak eta 65 urtetik gorakoak.
Parte-hartzaile guztiei emango zaie lasterketan parte hartzeagatik oroigarria eta 100 kilometroko lasterketan parte hartzen dutenei egindako denboraren eta sailkapenean lortutako postuaren berri jasoko duen diploma bidaliko zaie.
Antolatzaileek aurtengo lasterketan 300 lagunek parte hartuko dutela espero dute.
Lasterketaren ibilbidea (PDF/ 403 K)
Lasterketaren informazio triptikoa (PDF/ 195 K)