Izan ere, alergia antzekoa sorrarazi didate musulman integristen gaineko irrati eta telebistako esatari eta tertulistoen aipu nardagarri iraunkorrek. Hain justu nire begietara datozenean, usina legez nahi gabean, egunotako prozesioen irudiak eta betiko pelikulak (Rey de reyes, Barrabas...). Hauek bederen onak dira, baina urte gutxira Mel Gibson ultrakatoliko eskuindar eta homofoboaren pasioa iragarriko dute Roucoren Estatu laikoaren? telebistako kateek.
Integrismoa erlijio monoteista guztiei erantsita datorkieken ezaugarria delakoan nago, norberarena den heinean jainkoa bakarra eta egiazkoa. Musulmanak ei dira integristak baina bestelakoak ere badira. Historiari begiradatxoa ematea nahikoa ez balitz Bushek berak aitatu zuen egungo egoerari atxikirik gurutzadaren kontua, eta Berlusconik ez du artean atzera egin mendebaleko zibilizazioaren nagusitasunaren aldarrian.
Baina beraiek eta beraiek-lakoak dira, Jaungoikoaren izenean baina bestelako interes mundukoiagoek eraginda, lehenengo eta oraingo integrismoak bultzatu dituztenak eta!
Sopelako esaera zaharren txapelketarako ikasitakoen artetik honako atsotitzak datozkit gogora: Onari ta gaixtoari jainkoak euria berdin igortzen bainan ona gehiago bustitzen gaixtoak onari euritakoa diolakotz ebasten. Eta gaineratzen dut: gaiztoak onari Jainkoaren izenean dio ebasten. Eta doministikutik doministikura bezala beste esaera honetara egiten dut jauzi: Errosarioa eskuan eta deabrua golkoan.
Nik aspaldi utzi nuen Jainkoa bakean. Ea haren izenean jarduten duten batzuk noiz uzten gaituzten gu bakean. Bake santuan alegia.