Ahozkotasunaren garrantzia - Josu Landeta / irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko api. 19a, 23:35
Hainbeste urtetan jasandako zapalkuntzaren ondorioz, 60. hamarkadaren hasieran euskara eta euskal kultura lur jota zeuden: Euskarak ez zeukan gizarte mailan inolako presentziarik, herri euskaldunetan familia eta lagunartean ahozko esparruan salbu. Gainontzeko esparruak (hezkuntza, zientzia, hedabideak, administrazioa...) erdararen eremuak ziren. Horrez gain, oraindik Francoren diktadurapean bizi ginen, eta giroa ere gure kontra zegoen erabat. Urte haietan, ostera, euskarak eta euskal kulturak halako berbizkunde aro bat ezagutu zuten: Arlo guztietan (musikan, artean, literaturan, giza mugimenduetan...) aurrera gindoazela somatzen hasi ginen bat-batean sortutako boomaren ondorioz, eta horrekin batera euskara gizartera eta batez ere agerian zegoen mundu moderno horretara ateratzeko beharra ikusi genuen.
Ondorioz, hizkuntzaren normalizazio prozesuari hasiera emanez, 1968. urtean, euskara batua sortuko zen. Hori zabaltzeko tresnak ere behar ziren, eta sortu berri ziren ikastolen mugimendua eta helduen euskalduntze alfabetatzearen esparrua lagun, milaka eta milaka ume, gazte eta heldu euskalduntzen hasi ziren. Euskarak bazeukan ahoz adierazteko beste indar eta aberastasun, baina arlo formal eta idatzian ez zeukan hainbeste, eta horietan zabaltzeko hizkuntza normalizatu baten premian egon ginen, euskara batuaren premian.

Ia 40 urte pasatu direnean, egun hainbat ume, gazte eta heldu euskara batua oinarria dutela euskaldundu dira, eta gabeziak gabezia (izan ere, oraindik ez gaude dantzan hasteko moduan) lehen pentsaezinak ziren esparruetan euskarak presentzia bat badu (hezkuntza, hedabideak, administrazioa...), eta garrantzitsuena dena: Herri txikien eta euskaldun gutxi batzuen esparrutik hiri eta herri handien guneetara zabaldu da. Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen euskarak idatziz eta arlo formaletan adierazteko duen gaitasuna, azkenengo urte hauetan aski frogaturik geratu dena. Euskal eskoletan euskaldundu diren umeek eta gazteek, heziketa prozesuaren amaieran badute gainera gaitasun hori: Edonor dugu gai idatzizko laburpen bat egiteko, eskutitz formal bat idazteko, matematikan edo bestelako gai tekniko batean euskaraz funtzionatzeko... orokorrean arlo formaleko edozein gauza egiteko.

Egia da, lehen ez genuen hainbat gauzetan orain badugu presentzia, eta zurrunbilo horrek ez du atzera bueltarik. Alabaina zer gertatzen da ahokotasunarekin?. Euskaraz arlo formaletan jarduteko gaitasuna aipatu dugu, baina gainerakoan?: Lagun artean tragotan gabiltzanean?; “maite zaitut” edo “nazka ematen didazu” esan behar dugunean?; jokoan ari garenean?; ordenagailuan edo eskuko telefonoan txatean ari garenean?... Arlo horietan guztietan ez ote zaigu erosoago egiten erdaraz jardutea?. Edo beste modu batean esanda, ba ote dakigu arlo horietan euskaraz egiten?. Argi dago euskarak arlo formaletan aurrera egin duena, baina arlo horietan kokatu garelarik, ez ote dugu edozein hizkuntzaren oinarria den ahozkotasuna bazterrean utzi?. Bati entzun diodan legez, lehen gure etxeak hori baino ez zeukan, oinarri sendoak bai baina hormak eta teilatua falta zituen. Orain baditugu hormak eta teilatua, baina ez ote dira gure etxearen oinarriak ahuldu?. Etxearen oinarriak ahul daudelarik, hormen eta teilatuaren pisuak ez ote dezakete etxe osoa lurrera bota?.

Behar bada galdera gehiegi dira, baina nire ustez serio hartzeko modukoak. Lehen euskara herri txiki batzuetan zegoen bazterturik, eta orain ahozko mailan herri horietan zutik dirau, baina lehen baino ahulago. Gainerako lekuetan euskarak ahozko naturaltasun eta adierazpen mailan asko falta du, eta nire ustez hori izan behar genuke lehentasun. Hainbat erakundek dugun arazo horri eutsi diote: Bertsozale Elkarteak hainbat eskola eta institututan ahozkotasuna eta bertsolaritza proiektuak martxan ditu, herri ikastetxeetan Ulibarri programa aplikatzen dabiltza, AEKn ere euskalkia eta “euskara jatorra” ikasteko ikastaroak egin ziren sasoi batean, “mantxut?” aldizkaria ere hortxe dago... Bakoitza bere aldetik zerbait egiten ari gara edo gutxienez dugun arazo horren jabe gara, baina proiektu orokor eta askotariko baten faltan gabiltza, euskarari gizarte modernoan mendeetan zehar izan duen adierazkortasuna emango diona.

Hainbat urtetan euskara zuzenaren kezka izan dugu, baina zuzena izateaz gain euskarak ona eta egokia ere izan behar du. Euskara formala eta idatzia beharrezkoak ditugu, jakina, baina maitatzeko, gorrotatzeko, eztabaidatzeko, jokoan aritzeko... euskararen beharra ere badugu. Hortik jo ezean, ederrak gaude Etxeparek zioen legez euskara “bere goien gradora” igotzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun