Lazarraga gaztearen garaiko maite-jokoak - Xabier Kintana / euskaltzaina

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko api. 19a, 23:37

Gure hedabideek lau haitzeetara jakinarazi dutenez, euskal literaturan uste gabeko aurkikuntza harrigarria gertatu da aurten: Joan Perez Lazarraga arabar idazlearen obra, ehun orrialdeko koaderno batean bildua. XVI. Mendeko obra hori Gipuzkoako Diputazioak erosia du eta edozeinek kontsulta dezake interneten: www.gipuzkoakultura.net/lazarraga

Bai euskara zaharrari buruz eta bai gure literaturaren hasierako egoeraz ere datu ezin interesagarriagoak eskaintzen ditu testu horrek, eta horien argitan orain arteko uste oker batzuk zuzendu beharko dira. Esaterako, hasierako euskal idazleak iparraldekoak eta elizgizonak izan zirelako kontua bertan behera utzi behar da, Lazarraga hegoaldekoa eta laiko noblea baitzen. Haren lana, gainera, ez zen poesia hutsa, prosazko atal luzea ere dauka eta, garai hartako artzain-eleberrietan oinarritua.

Halere, bada autore honetan behar den moduan azpimarratu ez den ezaugarri bat: haren gaztetasuna. Haren bizitzaz ditugun informazioen arabera, badirudi 1550ean jaio zela, eta data horretatik abiaturik behintzat, kontuak eginda, Joan Lazarraga, bere poemak idatzi zituenean, 17 urteko gaztetxo bat besterik ez zen. Eta egia esan, egileak berak ematen dizkigun ezaugarriengatik, datuak ez bide daude oker. Horrela, 1196-r orrialdean honela dio: erruki nauzu[e], neure a[ha]ideak / zegaiti nax ni gaztea / oi, oraingaño ez nax ni [h]eldu / oi bada, [h]ogei urtean...

Gaztea zen bai, bai baina noizbaiteko Pancho Lopez mexikar haren edo oraingo Shin Chan haur japoniarren antzera, ipurdia galtzen omen zuen gure Lazarragak nesken atzetik joateko, hainbesteri maitasunezko bertsoak eskainiz. Askotan baina, ez zen ausartzen poeman bere maitearen izena garbi esaten eta haren letrekin laburdurak eta izen zifratuak moldatzen zituen, kuriosoek nortaz ari zen asma ez zezaten.

Liburuaren azken orrialdeetan izenak zifratzeko adibideak eskaintzen dizkigu. Funtsean formula hori honetan datza: hitzen kontsonanteak mantendu arren, bost bokalak, aldiz, bakoitzaren ordenari dagozkion zenbakiez ordezkatzen dira; honela a = 1, e =2, i = 3, o = 4 eta u = 5, zenbaki bakoitzaren gainean azentu grafikoa ezarriz. Sistima erraza bezain praktikoa da, horren bidez edozein izen erabat desitxuraturik gelditzen delako: are gehiago 1, 2 eta 3 zenbakiak, orduko grafian i, r eta z letrak bezalaxe idazten zirela kontuan izanda.

Hona hemen adibide horietako batzuk: lícírígí (= Lazarraga bera, z-ren ordez, orduko moduan ç-az idatzita), ínt4n3í (= Antonia); mídíl2ní (= Madalena); mír3í (= Maria); 2l2ní (= Elena); mír3 p2r2z (Mari Perez; mírgír3tí (= Margarita).

Denborapasa interesgarri hau orduko gazteek sarritan erabiliko zuten maite-jokotzat, zalantzarik gabe. Halere, Lazarragaren eskuizkribua geroago bere eskuetan izan zuen diruzain nagusi batek, erdaltzaleagoa eta prosaikoagoa bera, ez zituen Larreko jaunaren bertso lanak eta mozorrotze-saioak behar bezala estimatzen, eta honako esaera hau idatzi zigun zenbait aldiz koadernoaren bazterretan: “Digo yo, el tesorero mayor, que mas vale un doblón para mozas alcanzar que en su puerta cantar una muy dulce canción...”

Orduan ere, bistan denez, batzuen eta besteen artean, kontrako ikuspuntuak ageri ziren andrazkoen maitasuna erakartzeko prozeduretan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun