Euskara ona, euskara txarra eta euskara - Unai Brea / kazetaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko api. 19a, 23:37

Ohituta gaude, batez ere gurea bezain inguru erdaldunetan, “zer ondo egiten duen euskaraz!”-en tankerakoak entzuten. Euskaraz “hain ondo” egiten ei duten horien jarioa entzunda, ostera, nik ez dut ezer berezirik igartzen, txarto egiten ez dutela ez bada. Alegia, Frankfurteko biztanle arrunt batek alemanieraz egiten duen bezala egiten dute euskaraz. Ez daude euskara ona eta euskara, euskara txarra eta euskara baizik. Euskara ona ere egongo da noski, gaztelania eta japoniera ona dauden hein berean, baina hizkuntza (edozein hizkuntza) maila horretan menperatzea batzuren esku baino ez dago: idazleak, akademikoak… “intelektualak” deritzen multzo hori, azken batean. Eta ez denak, bide batez esateko.

Gainerakook aukera bi dauzkagu: normal berba egin ala txarto berba egin. Zoritxarrez, Uribe Kostan oso zabalduta dago bigarrena, euskarari dagokionez beti ere. Gaztelaniaz txarto egiten dutenak ere badaude noski, baina gero eta gutxiago. Ez da harritzekoa. Inguratzen gaituen mundua erdalduna da ia erabat. Jardunerako hainbeste aukera izanda, larria litzateke gero gaztelania ondo ez menperatzea! Hori bai, Cervantesen hizkuntzan baldar moldatzen den nonorrekin topo egitean, berehala azpimarratzen dugu: “horrek txarto egiten du erdaraz”. Ez dugu esaten “beste horrek, ordea, ondo egiten du”, ez. Erdararen kasuan, akatsari erreparatzen diogu, normaltzat jotzen baitugu honezkero hura menperatzea; euskararen kasuan, berriz, guztiz aurkakoa gertatzen da.

Hain dugu barneratuta euskararen egoera bigarren mailakoa dela, kaletik euskaraz entzute hutsak poztu egiten gaituela (ez da gutxiagorako, bestetik). Lelo bat dabil hortik: “euskara onena, egiten dena”, eta bat nator, baina ez gaitezen horrekin konforma. Ahalegindu gaitezen geure hizkuntzaren maila jasotzen, eta batek akatsik gabe darabilenean, ez dezagun esan “zein ondo egiten duen euskaraz”. Ez, ez du ondo egiten, egoera normalizatu batean biziko bagina guztiok egingo genukeen modura egiten du. Euskaraz ondo, Andoni Aizpuruk egiten du, esaterako.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun