Bihartik aurrera Liburu Azoka egongo da zabalik Algortako Geltokiko plazan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko api. 21a, 22:55

Apirilaren 22tik 24ra arte Liburu Azokaz gozatu ahal izango dute getxotarrek. Irakurzaletasuna bultzatzeko helburuarekin, Getxoko udal liburutegiek eta herriko hamar liburudendek euren liburuak jarriko dituzte bisitarien eskura Algortako Geltokiko Plazan kokatuko diren standeetan. Gainera, beste aktibitate ezberdinekin gozatzeko aukera egongo da gune berean, besteak beste, haurrentzako tailerrak, ipuin kontalariak edo erakusketak. Ekitaldi garrantzitsuenetariko bat "Altxor uhartea"ren jendaurreko irakurketa izango da. Izan ere, azoka guztia liburu honetan girotua egongo da. Azoka goizeko 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik.

Liburuak kontsultatzeko eta saltzeko ohiko postuak ezartzeaz gain (%10eko beherapena dago), udal liburutegiek euren liburuak erakutsiko dizkiete bisitariei eta maileguko zerbitzua bere horretan mantenduko dute. Neska-mutilek bertan gozatu ahal izango dute komiki eta ipuinen bilduma zabalarekin.

Toki berean "Atzo eta gaur. Getxoren eboluzioa" izeneko argazki-erakusketa egongo da ikusgai.

Aurreikusi dituzten ekitaldien egitaraua osatzeko ipuinen irakurketa publikoa, ipuin-kontalarien ekitaldiak eta haurrentzako hainbat tailer ere burutuko dituzte.

Besteak beste, ostiralean goizeko 10:00etan, San Nikolas Ikastolako eta San Inazio, Larrañazubi, Zubilleta eta Trinitarias ikastetxetako 300 ikaslek Robert Louiseren "Altxorraren Uhartea" ipuinaren irakurketa publikoan parte hartuko dute, euskeraz zein erderaz.

Larunbatean, berriz, Rosa Maria Martinez ipuin-kontalariak "Pirata istorio bat" lana eskainiko du, bi hizkuntzetan. Euskarazko saioa arratsaldeko 18:00etan eta gaztelaniazkoa 19:00etan.

Karpapean egiten dituzten tailerrak egunero, arratsaldez egingo dira eta era guztietakoak izango dira: piraten kapelak egitekoak, makilajea, "Altxorraren Uhartea"ren murala, kartoi mehea eta begi-adabakiak. Horretaz gain, irakurtzeko guneak ere jarriko dira.

Ikusi egitaraua agendan
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun