Getxoko toponimiaren liburua eta mapa aurkeztu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko api. 22a, 20:44
Argitalpenak udalerriko 1259 toponimo biltzen ditu

"Getxoko leku izenak" liburuaren 500 ale eta udalerriko mapa topografikoaren 1.500 ale kaleratu ditu Getxoko Udalak. Liburuak Getxoko toponimo garrantzitsuenak biltzen ditu (hau da, udalerriko toki desberdinetako izen propioak, bere errealitate geografikoaren arabera) eta baita beren azalpenak eta argazkiak ere. Mapak bi irudi eskaintzen ditu, bata bektoriala eta bestea argazkitxorekin. Iñaki Zarraoa alkateak adierazi duenez, "galdu beharrean, erabil daitezen, leku izen horiek getxoztar guztiei ezagutzera ematea" da argitalpen hauen helburua. Izan ere, kaleen izenak eta horrelakoak jartzeko "lanabez baliagarria" izango da etorkizunean, gaineratu duenez.

Biak udalerriko ikastetxeetan, udal erakundeetan eta elkarteetan banatuko dituzte eta Kultur Etxean eta liburutegietan saldu egingo dira. Liburuaren salneurria 15 eurokoa da eta maparena 3 eurokoa.
Liburuaren eta maparen argitalpenak Getxoko toponimia ezagutzera emateko proiektuaren bigarren faseari ipini dio amaiera. Egitasmo hau duela hiru urte jarri zen martxan, Udalak Amagoia Aurrekoetxeari eta Sofia Susori emandako bekari esker. Bi ikertzaile hauek artxibo desberdin batzuk aztertu zituzten, tartean Bizkaikoa, Foru Aldundiarena eta Getxoko Udalarena eta baita jabegoaren erregistroa ere. Era berean, Bizkaiko fogerazioak, beste iturri bibliografiko eta agiri berezi batzuk eta sei getxotarren ahozko datuak ere batu zituzten. XVII. mendetik XX.era arteko informazioa ere bildu zuten.

Orotara 1.259 toponimo batu zituzten (esatebaterako, etxe, baserri, iturri, ermita, eliza edo inguruko izenak). Beren normalizazioa Mikel Gorrotxategi, Euskaltzaindiako Onomastika Batzordeko kideak egin zuen, euskal erakundearen irizpideei jarraituz. "Liburu honen argitalpenarekin lortu nahi den helburua udalerriko izen desberdinak getxoztarrok ezagutzea eta mantentzea da", Mikel Gorrotxategik berak azaldu duenez.

Getxoko toponimoen liburuaren egileek diote udaleriko edozein auzokidek egin lezakeen ekarpenei zabalik dagoela. Etorkizunean, besteak beste, bildutako informazioa, jolasak eta Getxoko toponimia ezagutzeko ibilbideak eskainiko dituen CD bat kaleratzea espero du Udalak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun