Epaiketa honetan, Arkaitz eta Kepaz gain, beste bost inputatu gehiago daude: Galdakaoko 4 gazte eta Durangoko 1. Bakoitzari 18 urte eskatzen die fiskalak, "sutea eragitea bizitzak arriskuan jarriaz" delitua leporatuta, beti ere terrorismo jardueraren barruan, azken honek delitua areagotzen duelarik, jakina.
Leporatzen dizkieten gertaerak 1998ko uztailaren 18an gertatu ziren, ezezagun batzuek Zornotzako Ertzaintza etxearen aurka koktelak bota zituztenean.
Ertzaintzak "froga" bakarra aurkeztu du inputatuen kontra: atxilotutako gazte batek inkomunikatuta zegoela Ertzaintzaren etxean sinatu zuen deklarazioa. Ordea, epailaren aurrean gazte honek ukatu egin zuen Ertzaintzak aurkeztutako deklarazioa eta jasandako torturengatik sinatu zuela salatu zuen.
Gainerako inputatuek beti ukatu dute "kale burruka" ekintza horrekin inolako zerikusia dutenik, bai Ertzaintzaren etxean bai epailearen aurrean egindako deklarazio guztietan
Beraz, beste muntaia polizialaren aurrean gaudela salatu nahi dugu. Printzipioz "froga" horrek juridikoki ez du inolako baliorik. Berez, Ertzaintzak beraiek auzipetzeko izan beharko litzateke atxilotuak torturatzeagatik, eta ez inputatutako gazte hauek. Baina esan behar dugu inkomunikazioa jasandako torturen gaineko salaketak zakarrontzira bota dituztela
Izan ere, elementu ugari biltzen dira epaiketa honen inguruan:
> Joan zen hilabetean Iruñeako lau gazte kartzelan bi urte eman ondoren epaileak frogatutzat eman zuen komisarian sinatutako deklarazioak ez zuela errealitatearekin zerikusirik, eta torturatu zutelako sinatu zuela han esaten zen guztia. Kasu hartan alderdi politiko guztiek hautsak harrotu bazituzten ere, kasu honetan isilik diraute, beharbada Ertzaintza inplikatuta dagoelako, eta Ertzaintza diogunean Gasteizko Gobernua esaten ari gara.
> Gazte hauen kontrako epaiketa hau ez da kasu isolatu bat: 2002ko urrian Ertzaintzak sarekada zabala egin zuen Bizkaia osoan eta Espainiaren aurrean Ibarretxeren plana zuritu beharrean Jaurlaritza terrorismoaren aurka ziharduela erakusteko "frogak" behar zituenez, gazte "susmagarriak" atxilotu eta torturatu egin zituen holako deklarazioak lortze aldera. Orain ari dira sarekada haren ondorengo epaiketak ateratzen eta gazte hauei bizitza osorako kartzela zigorra ezartzen. Izan ere, oraingoan 18 urte eskatzen badizkiete, Arkaitz, Kepa eta Endika Lejarzegirekin batera beste gazte multzo bati 22 urte gehiago eskatzen dizkiete beste antzeko akusazioekin eta Ertzaintzaren muntaia polizial argiaz oraindik egunik ez daukan baina uda baino lehenago egingo den beste epaiketa batean. Arkaitzek eta Kepak beste "kale burrukako" akusazio gehiago ere dauzkate, denak modu berean eginak, guztira sekulako urte lerrokada osatzen dutenak.
> Egoera berean dago orduan atxilotutako gazte multzo handi bat Bizkaian, joan zen hilean GURASOAK elkarteak salatu zuen bezala. Horien artean, ezin dugu aipatu barik utzi Orkatz Gallastegi eta Martin Etxegarai Berangoko gazteak.
> Ertzaintzaren muntaia honetako "frogek" kontradikzio ugari dauzka kasu askotan: juridikoki berez akusatuak ez du errugabe dela frogatu behar, alderantziz baizik. Epaileak frogatu behar du errudunak direla. Kasu honetan Arkaitz, Kepa eta Endikak beti ukatu dute leporatzen dieten ekintzekin zerikusirik dutenik, komisariako deklarazioetan torturapean ere zein epailearen aurreko deklarazioetan. Kasu batzuetan frogak ere aurkeztu ahal izango dituzte, baina ez guztietan, froga zehatzak lortzea zaila baita: batzuk leporatzen dizkieten ekintzak gertatu zirenean lanean ari ziren esate baterako. Eta Galdakaoko gazte bat, Andoni Beroiz hain zuzen, Ertzaintzak berak erretenituta zeukan alkoholemia kontrol batean leporatzen dizkioten gertakariak izan zirenean!
Ezin dugu utzi gazte hauek bizitza osorako espetxearekin zigor ditzaten, Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak politikoki errudunak behar dituelako. HAU ESKANDALU POLITIKOA DA!!!
Mobilizatu gaitezen, salatu gertakari hauek!!!