Itxura eta jarrera arau oso hertsiak dituen gizarte batetan murgilduta gaude, eta gero eta jende gehiago dago bere buruak aurre egin ezin duen hainbat egoeraren aurrean aurkitzen dena. Eta gurpil honetan denok sartuak gaude, baita adin txikienekoak ere.
Sinestezina badirudi ere, haurren artean depresioa, antsiedadea eta estresa gero eta nabarmenagoak dira. Guraso askok beraien seme-alabei gainartu ezin dezaketen exijentzi eta lehiakortasun maila bat eskatzen diete, esfinterren kontrol garaitik hasita, eskolaz kanpoko ekintzekin (ingelesa, musika, informatika, judoa...) gainezka egon arte. Gaur eguneko neska-mutilei ia ez zaie jolasteko denborarik geratzen.
Helburua gauza asko egitea dela dirudi, eta hori gutxi iruditzen bazaigu, horiek guztiak ondo egitea. Horrela oso erreza da haurrengan antsiedadea sortzea, ezin baitute denetarik egin edo gutxienez zaila egingo zaie esparru guztietan nabarmentzea. Honek ekintza ezberdinak egiteko motibazio eza dakar, ez dute ezer egiteko ekimenik eta honi oso loturik eskola porrota dago. Eta azken honek antsiedade gehiago sortzen du, eta era berean honek eskola porrot gehiago... eta horrela depresioan murgiltzera hel gaitezke.
Baina nahaste psikologiko hauek ez dira ume garaian bukatzen. Nerabeak ere ez dira atzean geratzen. Itxura fisikoak hartzen duen garrantzia dela eta nahi baino sarriago ematen dira jatearekin erlazionatutako nahasteak (anorexia eta bulimia batitpat). Etapa honetan besteek nola ikusten gaituzten asko baloratzen dugu eta ondorioz, edozein makur fisiko (aknea esaterako) antsiedadea edo depresioa bizitzeko aitxakia izan liteke.
Adinarekin batera ez dira gauzak lasaitzen: pertsonenarteko erlazio gero eta urrunagoak, dena presaka egitea, estimulu negatibo askoren menpe bizitzea (zarata, trafikoa, kutsadura...), lanez gainezka egotea (aisialdiari denbora gutxi eskeiniz), nekea, monotonia, bikote erlazioetan potere gatazkak... Denak eramaten gaitu puntu berdinera: estresa, antsiedadea eta depresioa. Eta hauekin batera Burn out sindromea, lanarekiko atxikipena, mobbing, etxeko andrearen sindromea... eta guk sortutako gizarte honek eskatzen dizkigun errekrimenduei aurre egin ezin gabiltzalako agertzear duden hainbat eta hainbat nahaste psikologiko berri.
Nola jarri geniezaioke traba guzti honi? Azken finean gure esku dago, gutako bakoitzak eratzen baitugu gizartea. Izan gaitezen zentzudunak eguneroko bizitzan, baloratu ditzagun gauzak neurri egoki batetan eta ia zuhurtasunez jokatzen dugun gure bizi proiektu afektibo, profesional eta kulturala aurrera eramatean.