Zezenak zelaira - Julen "Nafa" / ikaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko api. 26a, 14:20

Azken asteetan, Estatu mailan, zezenketei buruzko eztabaida sortu da, Forum2004aren ospakizuna dala medio, hainbat talde animalzalek Bartzelona zezenketen aurkako hiria izendatu nahian, sinadura bilketak egin baitituzte (Uribe Kostatik ere ibili zirenak) eta kanpainia honen ondorioz, izendapena lortu egin dute.

Estatu mailan berri hau polemika handia sortarazi du, espainiar kulturaren aurkako eraso gisa aurkeztu baita eta kataluniar gizartea kritikatzen ibili dira berriz ere zenbait politikari nahiz kazetari.

Zezenketek krudelkeria dute oinarri, ez dituzte animalien eskubideak errespetatzen (zezen zein zaldiena, alegia) eta tortura ikuskizuna bihurtzen dute. Tradizioa dala argi dago, historian zehar praktikatu egin dalako, baina tradizio zentzugabe ta bihozgabea. Ohiturak ezin ditugu ukiezinak bihurtu, batik bat bizitzarako oinarrizko eskubideak errespetatzen ez dituztenak.

Zezenketen zaleak ez dute inolako argumenturik euren “festa nazionala” defendatzeko. Giza kontsumorako hiltokiak jartzen dituzte behin ta berriz justifikazio gisa, hauen egoera latzetaz baliatuz. Justifikazio inozoa benetan, hiltokien egoera salatzen dutenak animalista berberak baitira eta “beti horrela izan da” justifikazioa, ezjakintasunean oinarritua dagoen adierazpena baino ez dala argi dago. Beraz, zezenketak ezjakinen eta sadikoen “artea” dogu.

Tamalez, euskal gizartearen zati handi bat sadikoa ta ezjakina (edo bihozgabea bederen) da, lehendakaritik hasiz (non dago hainbeste erraten dozun bizitzarako eskubidea? Beharbada bozka errentagarritasunean egonen da) Athletic-eko jokalariekin bukatuz. Bilboko Aste Nagusian antolatzen diren manifestaldietan, adibidez, beltz gehiago dagoz animalzaleak baino. Ta hura bai ikuskizun sadikoa!

Euskal Herriak animaliak defenditu behar ditu (idi proben kasu penagarria e.a.) askatasunen adierazle bihur dadin, eta ez da soilik politikarien erantzukizuna izan behar, herritarren pasibitatea izaten da gehienetan kaltegarriena. Animali ta gizakion eskubideak bermatzen dituen Euskal Herri bat gure dogu.

Gandhik adierazten zuen moduan, nazio baten handitasuna ta aurrerapen morala animaliak tratatzeko eran ikus dezakegu. Zertarako Euskal Herri askea, euskal herritar nahiz animaliak askeak baldin ez badira?
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun