Saharar errefuxiatuen gaineko argazki erakusketa eta hitzaldia Astrabuduan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko api. 27a, 00:02

Saharako basamortuan, Tinduf-etik hurbil dauden errefuxiatu-eremuetan bizi direnen egoera ezagutzera emateko asmoz, argazki erakusketa egongo da ikusgai, ostiralera bitartean, Astrabuduako Josu Murueta kultur aretoan. Patxi Hernandez atletak egindako irudiak dira guztiak. Jon Salvador erandioztarra, Aitor Egiguren lemoiztarra eta, hainbat eta hainbat kirolari profesional eta zaletuekin batera, otsailaren 23an, Aiún eta Smara kanpamentuen artean burutu zen Saharako maratoiaren laugarren edizioan parte hartu zuen korrikalari gazteiztarrak.

Argazki erakusketarekin batera, hitzaldia egingo dute apirilaren 30ean, 19:30ean, Josu Muruetan bertan, errefuxiatu-eremuen eta Sahararen aldeko mugimenduen egoera aztertzeko eta Erandioko Nishma elkartearen egitasmoen berri emateko. Besteak beste, Mohamed El Mamun Askatasunerako Fronte Polisarioko ordezkaria eta Hilari Kintana Harrera Amak elkarteko ordezkaria izango dira hizlariak. Horretaz gain, Jon Salvador, Aitor Egiguren eta Patxi Hernández korrikalariek Saharako maratoian bizi izandakoak kontatuko dituzte. Hitzaldiarekin batera, alfonbra erakusketa eta te dastaketa egingo dituzte.

Gaur egun, 200 mila lagun bizi dira Tinduf-etik hurbil dauden errefuxiatu eremuetan, muturreko eguraldi baldintzak sufrituz eta osasun egoera larrian. Hain zuzen ere, saharar herriaren aldeko elkartasuna erandioztarren eta inguruko herrietako lagunen artean zabaltzeko asmoz, errefuxiatu-eremuetan bizi direnen esperientziak eta beharrizanak agerian utzi nahi ditu Patxi Hernandezen erakusketak. Tarteka, Saharako maratoiaren eta basamortuko dunen gainean egindako snowboard erakustaldiaren irudiak ere ikus daitezke. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapenaren 28. urteurrena ospatzeko antolatu ziren guzti horiek. 1976ko otsailaren 27an aldarrikatu zen SEAD.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun