Maiatzaren 28ra arte dago Garapenerako Lankidetza dirulaguntzak eskatzeko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko api. 29a, 00:47

Datorren maiatzaren 28ra arte Garapenerako Lankidetzako dirulaguntza-eskaerak egin daitezke. Xede horrekin Getxoko Udalak 340.000 euro bideratuko ditu. Deialdia gobernuz kanpoko erakunde eta garapenerako lankidetzaren esparruan diharduten elkarteei dago zuzenduta eta honako 3 arlo hauetako proiektuak subentzionatuko dira: herri txiroenen garapena (gizarte-ekonomia edo osasuna, hezkuntza, kultura, giza eta talde eskubideen sustapena; eta demokrazia, gizabanakoen eta kolektiboen askatasunaren garapena biziberrituko duten ekintzak), Getxon garapenerako sentsibilizazio eta heziketa (arrazakeria, xenofobia edo giza eskubideen alorretan, oro har, hiritarrak eta bereziki, getxoztarrak hezi, informatu edo sentsibilizatzeko programak), eta Saharari zein Tindoufeko saharar errefuxiatuei laguntza eman.

Egitasmoak jarraipena izatea, Getxoko herritar kopuru handienaren eskuhartzea eta, batez ere, Ertamerikako eta Saharako herrialdeetan kokatuta egotea dira, dirulaguntzak ematerako orduan, kontuan hartzen diren erizpiderik nabarmenenak. Iaz 51 dirulaguntza eskari aurkeztu ziren eta 21 egitasmori eman zitzaien. Aurten eskari kopurua haunditu eta 60ra ailegatuko direlakoan daude udal arduradunek. Proiektuetarako dirulaguntza horiek nola emango diren erregulatzen duen araudiak, baita eskaera-orriak ere, eskuragarri daude Udaletxean bertan zein Gizarte Zerbitzuetan.

Gizarte eragileen partaidetzari bultzakada

Halaber, udalerritik bultzaturiko Garapenerako Lankidetza arloko proiektuetan eskuhartzen duten eragileekin topaleku edo lanerako gune bat osatzeko asmoa du, laister, Getxoko Udalak. "Azken urteotan lankidetzan aritu garen GKEekin eta elkarteekin osatzeko asmoa dugun topagune honek jarraipena izango du gerora begira. Horretaz gain, dagozkion gaiak jorratu, elkarlanean aritu, udal politikagintzan gizarte eragile hauen partaidetza sustatu eta esparru honetan udal jarduera ildoak hobetzeko topagunea izateko asmoa du", gaur goizean emandako prentsaurrekoan Imanol Landa Presidentzia Arloko zinegotziak aipatu duenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun