EAJko Justizia Auzitegi Nazionalak asteartean emandako agindua berretsiz, kautelazko neurritzat, Bizkaiko burua aukeratzeko prozesua suspenditzea erabaki zuen atzo arratsaldean alderdiko Berme Batzordeak. Mungiako alderdikide batek eta Errekaldeko beste bik aurkeztutako errekurtsoa eragin dute egoera. Izan ere, Iñigo Urkullu BBBko lehendakaria izateko berriro aurkeztea EAJko estatutuen aurkakoa dela diote: zortzi urtetara mugatuta dago alderdi barruko karguetako agintaldia. Beraz, bere postua utzi beharko luke lehendabizi Urkulluk, hautes-prozesura berriro aurkeztu ahal izateko.
Astelehenean hasiera eman zitzaioan hautes-prozesuaren bigarren itzulia, beraz, luzatu egingo da. Maiatzaren 4an amaitutzat ematea espero zuten, 124 udal batzordeek euren hautagaiak aukeratu ostean, maiatzaren 8an Bizkaiko Ohiko Batzarra egin ahal izateko. Atzo 20 udal erakundek egin behar zuten bozketa, eta Berme Batzordeak erabakiaren berri eman zuenerako horietako batzuk ordezkariak aukeratuak zituzten jada.
Hemendik aurrera, erabaki bat hartu beharko du alderdiko epaitegiak. Gainera, gogoratu behar da, hautes-prozesuaren lehenengo itzulian ere, Urkulluren hautagaitzaren aurka egin zuela Elixabete Piñol legebiltzarkideak, nahiz eta emaitzik ez zuen lortu.
Orain arte Urkullu garaile
Hautes-prozesua gelditzeko erabakia hartu arte, Iñigo Urkullu zen nagusi udal batzordeetan egindako bozketetan. Besteak beste, Abadiño, Abanto, Algorta, Alonsotegi, Barrika, Igorre, Laukiz, Lemoiz, Santutxu, Ugao, Usansolo eta Zeberion gailendu zitzaion astelehenean Iñaki Zarraoari. Asteartean, Ondarreta (Areeta-Erromo), Plentzia, Urduliz, Zorroza, Mendexa, Ibaiederren (Bilbo) izan zen garaile. Leioan eta Erandion, besteak beste, atzo egin behar ziren bozketak. Beraz, Uribe Kosta eskualdean nagusia dira Urkulluren aldeko bozak.