"Iparra galdu gabe" hitz jokua gonbitea da Hego Euskalerriko herritarrek Iparraldeak bizi duen egoera sozio-politikoa ez ahazteko. Horrela azaldu dute prentsaurrekoan Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak eta Pantxoa Etxegoien Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundeko lehendakariak.
"Iparra galdu gabe" jardunaldiak gaur osteguna, arratsaldeko bostetan hasi dira, Euskal Kultur Erakundeak sortutako "Iparraldea" ikusentzunezko erakusketa elkarreragilearekin. Honetan 400 argazki, 15 soinu zati eta 10 minutuko ikusentzunezkoa aurkitu ahal izango ditugu. Honen bidez, Ipar Euskal Herriko geografia, ekonomia, historia, kultura, bizimoduak eta euskara jorratzen dira, besteak beste.
Erakusketa zabalik egongo da, maiatzaren 8 arte, arratsaldeko bostetatik zortziak arte, Urgull kaleko Algortako Kultur Etxearen egoitza izandakoan.
Maiatzaren 2an, 12:00etan, dantza ikuskizuna egongo da Algortako Geltokiko plazan "Ezpela" eta "Angeluarrak" taldeen eskutik. Egun berean, 12:00 eta 17:00etan, "Azika" taldeak "Kontu konta zan" txotxongilo ikuskizuna aurkeztuko du Getxo Antzokian, Marijane Minaberryren mundu magikoan oinarrituta. Ikuskizun hau ikusteko sarreraren prezioa 2 eurokoa izango da.
Hurrengo egunetan, Ur Apalategi idazlearekin hitzaldia, Koldo Amestoy eta Pantxitx Bidartekin ipuin eta musika ekitaldia, eta Ipar Euskal Herriko produktuen azoka-pintxo dastaketa egongo dira, besteak beste.
Ikusi egitaraua agendan