Hainbat gazteen espetxe arriskuaren aurrean, mozioa aurkeztuko du Getxo Biziak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko api. 30a, 00:07

Getxoko udalbatzak Arkaitz Goikoetxea, Kepa Saratxaga eta Endika Lejarzegi gazte getxoztarren egoeraren aurrean, biharko osoko bilkuran, bere jarrera argitu dezan, mozioa aurkeztu du Getxo Bizia plataformak. Goikoetxeak eta Saratxagak gaur izan dute epaiketa Madrileko Audientzia Nazionalean. Fiskalak 18 urteko zigorra eskatzen ditu eurentzako. Horretaz gain, Endika Lejarzegirekin batera, beste epaiketa bat izango dute biek. Eta haiekin batera beste hainbat gazte dago auziperatuta. Inputazio guztiak "torturapean egindako adierazpenetan" soilik oinarritzen direla salatzearekin batera, udalbatzarrari gazte hauen kasuarekiko interesa ager dezan eta torturaren aurka argiki ager dadin eskatzen dio udalbatzarrari Getxo Bizia plataformak.

2004ko apirileko udal batzarrerako MOZIOA

Ainara Gorostiaga, Mikel Soto, Jorge Txokarro eta Aurken Sola gazte nafarrek torturatu eta inputazio faltsuen ondorioz kartzelan bi urte egin izanak hautsak harrotu ditu inguru politikoan. Bitartean Kepa Saratxaga, Arkaitz Goikoetxea eta Endika Lejarzegi getxoztarrak, Ertzaintzak torturatu eta inputazio faltsuez espetxeratuta, aurre egin beharko diete fiskalen urte askotako espetxe zigor eskaerei egin ez dituzten ekintzengatik.

Fiskalak 18na urteko espetxe zigorrak eskatzen ditu Arkaitz Goikoetxea eta Kepa Saratxaga Algortako gazteen kontra, apirilaren 28an eta 29an Madrileko Audientzia Nazionalean egindako epaiketan.

Algortan mobilizazioak iragarri dira apirilaren 29rako: goizean irakaskuntza mailan eta arratsaldeko 20:00etan manifestazioa egingo da Algortako Telletxe plazatik abiatuta.

Epaiketa honetan, Arkaitz eta Kepaz gain, beste bost inputatu gehiago daude: Galdakaoko lau gazte eta Durangoko bat. Bakoitzari 18 urte eskatzen dio fiskalak, "sutea eragitea bizitzak arriskuan jarriaz" delitua leporatuta, beti ere terrorismo jardueraren barruan. Azken honek urte eskaera handitzen du.

Leporatzen dizkieten gertaerak 1998ko uztailaren 18an gertatu ziren, ezezagun batzuek Zornotzako Ertzaintza etxearen aurka koktelak bota zituztenean.

Ertzaintzak "froga" bakarra aurkeztu du inputatuen kontra: atxilotutako gazte batek inkomunikatuta zegoela Ertzaintzaren etxean sinatu zuen deklarazioa. Epailaren aurrean ordea, gazte honek ukatu egin zuen Ertzaintzak aurkeztutako deklarazioa eta jasandako torturengatik sinatu zuela salatu zuen.

Gainerako inputatuek beti ukatu dute "kale borroka" ekintza horrekin inolako zerikusia dutenik, bai Ertzaintzaren etxean bai epailearen aurrean egindako deklarazio guztietan.

Beste sumario batean 22na urteko espetxe zigorrak eskatzen zaizkie Arkaitz Goikoetxea, Endika Lejarzegi eta Kepa Saratxaga Getxoko preso politikoei Ertzaintzaren beste muntaia polizial eskandalagarri batean.

Madrileko Audientzia Nazionaleko Fiskalak 1999ko Gabonzahar goizaldeko 01:45ean Galdakaoko Guardia Zibilaren kuartelaren aurka egindako kale borroka erasoan parte hartzea leporatzen die Kepa, Arkaitz eta Endikarekin batera beste 8 gazteri ere. Beste gazte horiek, bat Bilbokoa da, beste bat Durangokoa eta gainerakoak Galdakaokoak.

Horretarako Ertzaintzak atxilotutako horietako gazte batzuei komisarian sinarazitako deklarazioetan oinarritzen da akusazioa besterik gabe. Komisarian sinatutakoa gero ukatu egin zuten epailearen aurrean deklarazioa egitera eraman zituztenean, torturaz sinarazi zizkietela esan zuten eta dena Ertzaintzaren muntaia poliziala zela salatu. Poliziaren "deklarazio" horiez gain ez dago inolako akusazio elementurik, ez ADN frogarik, ezta aztarna txikienik ere.

Akusatuen abokatuek adierazi dutenez, akusatuetako zenbaitek frogak aurkeztuko dituzte, egun eta ordu horretan beste leku batean zeudela egiaztatzeko. Galdakaoko Andoni Beroiz, akusatuetako batek, esate baterako, istripu bat izan zuen Laudion eta, alkoholemia kontrola zela eta, Ertzaintzak berak erretenituta zeukan erasoa gertatu zenean. Beste batzuk taberna lanetan ari ziren beste herri batzuetan. Gainerakoen kasuan, zail ikusten da non zeuden frogatzea, baina aurrekari horiekin akusazio osoak zentzurik ez duela erakutsi nahi dute.

Kepa, Endika eta Arkaitzen kasuan, eurek komisariako zein epaitegietako deklarazio guztietan beti ukatu dute eraso horrekin zerikusirik daukatenik eta bestetik, euren lagun eta familiarrek berretsi egin dute egun eta ordu horietan Algortan izan zirela gabonzahar gaua ospatzen.

Epaiketa hau uda baino lehenago egingo delakoan daude akusatuen abokatuak. Izan ere, fiskalak urriaren 28an sinatu zuen bere eskaera eta orain defentsa idatzia egin eta frogak proposatzeko tramiteak burutzen ari dira. Horren ostean epaile instruktoreak epaiketaren data finkatzea besterik ez da gelditzen.

2002ko urrian eta azaroan Ertzaintzak Ibai-ezkerrean, Uribe Kostan, Durango aldean, Galdakaon, Basaurin, Bilbon... egindako sarekada sailean atxilotu zituzten orain akusatutako guztiak. Sarekada horietan atxilotutako guztiek tortura latzak salatu zituzten eta, Eusko Jaurlaritzak ezkutatzeko ahaleginak egin zituen arren, oihartzun nahikoa izan zuen salaketak hainbat komunikabidetan. Horren ondoren Eusko Jaurlaritzak atxilotuen eskubideak bermatzeko "protokolo" bat martxan jarriko zuela iragarri zuen, baina tratu txarretako salaketek jarraitu egin dute geroztik ere.

Akusatu guztiak, bat izan ezik, espetxean daude gaur egun. Kalean dagoen horri fidantza ordainduta "behin behineko askatasuna" aplikatu zion epaileak. Endikaren kasuan ere, 2002ko urriaren 24an atxilotu eta libre utzi zuten kargurik gabe. Gero, 2003ko ekainaren 23an atxilotu zuten berriro eta espetxean dago harrezkero. Inkomunikazioaren pean jasandako torturen gaineko salaketak zakarrontzira bota dituzte.

Bere momentuan Torturaren Aurkako Taldeak eta Askatasunak esan zuten sarekada eta tortura horien bidez Ibarretxeren plana Espainiaren aurrean "legitimatu" nahi zuela Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, "terroristen" interesen alde jokatzeaz faxista espainiarrek egindako akusazioen aurrean, Eusko Jaurlaritzak terrorismoaren aurkako paladin modura agertu nahi izan zuen, eta horretarako ez zuen beste biderik aurkitu mugimendu abertzalearen gazte sail batzuk atxilotu, torturatu eta horren "emaitzak" aurkeztea baino.

Abokatuen iritziz akusazioei inondik inora eusterik ez dagoen arren, Audientzia Nazionaleko jokaera ikusita, gazte hauek euren bizitza osoa kartzelan emateko arrisku larrian daude. Eskandalu izugarri baten aurrean gaudela esan behar dugu. Baina zapaltzailearen logika nagusi denean errepresioa edozeinen gainetik pasatzeko gai da.

Guzti honen aurrean eta Iruñeako lau gazteen aurrekaria kontutan hartuta, Getxo Bizia herri plataformak hurrengo akordio-proposamena egiten dio udal batzarrari:

1.Arkaitz Goikoetxea, Endika Lejarzegi eta Kepa Saratxaga getxoztarrak pairatzen ari diren egoeraren aurrean, Getxoko Udalak euren kasuekiko interesa agertu nahi du eta auzien alde desberdinekin harremanetan jarriko da.

2. Getxoko Udalak torturapean edota inkomunikazio epean komisaldegian eginiko adierazpenak zigortzeko froga gisa erabili ez daitezen exijitzen du.

3. Getxoko Udalak torturaren aurkako jarrera irmoa agertzen du eta prebentzio neurri eraginkorrak har daitezela eskatzen du, inkomunikazioa desagertaraztea besteak beste.



Getxon, 2004ko apirilaren 26an
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun