Mozioa bere osotasunean irakurtzeaz gain hurrengo balorazioa eta eskakizunak egin ditugu han bertan.
Getxo Biziak mozio bat aurkeztu du
Getxo Bizia herri plataformak mozio bat aurkeztu du udalbatzar honetan irakurria, eztabaidatua eta bozkatua izan zedin, baina testua gaiordenetik baztertu egin duzue. Non daude duela hilabete askotako hitzak eta promesak? Non formula eta bideak lege faxistek galerazitako hautetsiek udal batzordeetan eta udal batzarretako eztabaidetan parte har dezaten? Hauteskundeetan herritarrek adierazitakoari beste behin egin diozue trufa.
Oraingoan gainera aipatu ere ez duzue egin mozioan salatu dugun injustizia. Hobe da antza Getxoko gazte hauek jasan zituzten torturak eta jasaten ari diren ezelako bermerik gabeko prozesu judizialari buruz hitzik ere ez egitea.
Getxo Biziaren eskaera sinplea bezain zentzuduna da: Arkaitz, Kepa eta Endika, Getxoko hiru herritar pairatzen ari diren indefentsio egoera ezagutzeko, Udalaren ordezkariek hitz egin dezatela auziperatuen abokatuekin. Eta honekin batera jarrera argia eta sendoa torturaren aurrean, torturarik ez egoteko neurri eraginkorrak aldarrikatu eta bermerik gabe egindako adierazpenak jendea gartzelaratzeko erabiliak izan ez daitezen exijitzea.
LPZ-RPT, Lan Postuen Zerrenda
Aurreko udalbatzarrean Lan Postuen Zerrenda proposamena gaiordenetik erori eta gero, kritikatu egin genuen jada azken urte hauetako udal honetako pertsonal politika.
Duela hilabete esan genuen eta gaur ere errepikatzen dugu, Udal batzarrean onartu zen azken Lan Postuen Zerrenda, 2.000. urteko LPZ, bertan behera utzi dutela epaitegiek eta horregatik ekarri egin dela udalbatzarrera azken LPZ hau. Gezurra dirudi azken 4 urte luze hauetan alde sindikalarekin ezelako akordiorik ezin lortu izatea LPZ berri baten inguruan.
Gaurko bozketan gainera, Getxo Biziari dagokion zinegotzi postua baliatu du beste behin ere udal gobernuak bere proposamena aurrera ateratzeko! 13 alde, 12 kontra. Honelako bozketetan isladatzen da argi eta garbi udal gobernuaren gezurrezko gehiengoa.
Edukin zehatzei dagokienez aipamen xume batzuk.
Udaltzainen postuetan hainbat irregulartasunez osatuta dago zerrenda. gehiegizko soldata osagarriak postu batzuetan, lehiaketa eskatzen duten postu batzuk izendapen librekoak bezala ageri dira, postu zehatz baterako titulazio nahikoa ez duen pertsona bat postu horretan kokatzen da. Zuzenduko al dira irregulartasun hauek?
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren txostena dela eta, zuzendu al dira bertan agindutakoak? Ezarri al zaie 4. hizkuntza eskakizuna Sistemetako eta Datu-Baseetako Arduradun eta Sareetako eta Segurtasuneko Teknikari postuei? Udaltzaingoko lehen agente 13 postuei 3. hizkuntza eskakizuna ezarri al zaie? Bigarren plangintzalditik hirugarren plangintzaldira aldatu nahi ziren 5 derrigortasun datak, lehengoan utzi al dira? Zergatik daude oraindik jendaurreko lanpostuak derrigortasun datarik gabe?
Galdera guzti hauek erantzun bat merezi dute.
Getxo Bizia
e-posta: info@getxobizia.org