Gobela eta Bolue, izenez behintzat, aski ezagunak dira Getxon. Itxe eta Kandelu ez dira hain ezagunak. Itxe Berangotik dator. Fadura kiroldegi handia eraikitzen hasi zenean, Itxe hodi baten barruan itxi egin zuten eta geroztik ilunpe horretatik isurtzen du bere ur guztia Gobelara. Belodromoa eta frontoien artean, hor nonbait lurperatuta dagoen hodi baten ilunpetik, korredore izeneko autobia egin zenean nabarmenki handitu eta luzatu egin ziren Itxeren hodia eta ilunpea.
Kandeluren zati bat ere errepide batek estali du, aurrerago korredore ere izango den Berangoko barianteak. Kandelu Gobelara iristen den tokitik ondo ikusten da hormigoizko arro artifiziala errepideen azpian. Errekan gora aldiz, sortze lekutik gertu, Galea taldearen futbol zelaiak ez du arroa estaltzen eta honek futbolarien etengabeko algarak saihestu egiten ditu, bailaran behera ur goxoa eramanez.
Maiatzaren 16an Kandelu eta Gobela gertutik ezagutzeko oinezko martxa antolatu du Getxo Biziak. Goizeko 9.30etan Getxoko kiroldegi atzean, Gabriel Ramos Uranga margolariaren izena daraman kalean eta autobusek geltokia duten tokian dugu hitzordua. Bertatik Saratxagara abiatu eta antzineko labaderotik hasita, Kandelu eta Gobelak Itsubaltzetaraino egiten duten ibilbide bera egingo dugu bertaratuko garenok.
Bidean Getxok oraindik biztanle gehienentzat gordetzen dituen sekretuak ikusteko aukera izango dugu. Erreka bera, zelaiak, zuhaitzak, arbolak, beste garai bateko aztarnak, gaur egungo azpiegitura handien eragina eta etxe blokeak Gobela gainean eginda. Kontrastez beteriko hiru ordu t´erdiko ibilbidea izango da. Natura maite dugunontzat ikasgai ona, oraindik bizirik dugun ondarea zaintzeko behar beharrezkoa baitugu hurbiletik ezagutzea.
Irakurleok gonbidatuta zaudete, ez zarete damutuko! Maiatzaren 16an domekan, goizeko 9.30etan Getxoko kiroldegi atzeko bus geltokian. Eraman hamaiketakoa!