"Goi batxilergo eta prestakuntza zikloetarako matrikulazio epeak zabaltzen hasi diren egun hauek gogoeta-uneak dira seguraski zuetariko askorentzat. Luzaro gabe aukeratu beharko dituzue etorkizun pertsonal eta profesionalik onena bermatuko dizueten irakaskuntza zentro eta ikasketak. Erabaki garrantzitsua hartu beharrean zarete, beraz, eta erabaki horretan aintzat hartu beharko duzue gure udalerriari eta Euskal Herriko gizarte osoari eragingo dien faktore bat ere: hezkuntzako hizkuntz ereduaren hautaketa", dio idazkiak.
Euskararen ezagutza eta garrantzia apurka-apurka handituz doala azpimarratzen dute Erandioko Udaletik, eta, horrekin batera, euskal gizarteak euskararen presentzia eta erabilera bizitzaren esparru guztietan areagotu dadila eskatzen duela gaineratzen dute.
Ildo horretan, hizkuntza ofizial biak (euskara eta gaztelania) baldintza berdinetan bizitzeko gizarte anitza eratu nahi bada, beste formularik ez dagoela azaldu du Aitziber Oliban Erandioko Udaleko Euskara zinegotziak.
Horrela, Olibanek gogoratu duenez, "adituek ohartarazi bezala, oraingo adinean euskarazko ikasketak uzten badituzue, batez ere familiaren ingurunean euskaraz egiteko aukerarik ez duzuenok, laster hasiko duzue hizkuntza trebetasunen galera-prozesu geldo baina etengabea".
Azkenik, Erandioko Udaleko ordezkariak ikasle zein gurasoei adierazi die argi izan behar dutela euskaraz ikastea "eskubide alienaezina" dela, eta "eskubide hori erabiltzeak zuen etorkizuneko aukerak hobetu ditzakeela".