Tokiko hiri eramangarriak - Nekane Ardanza / Getxo Irratiko kazetaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 4a, 22:23

Etorkizuneko hiriak jasangarritasun ,edo eramangarritasun, irizpideen gainean diseinatuta egon beharko dira azken filosofia berriek eta adituek esaten diotenez. Alegia, saiatu behar dugu uzten hurrengo belaunaldiei hiri atseginagoak, arduratsuagoak, sozialki justuak, ingurumenaren aldetik erakargarriagoak, ekonomikoki bideragarriagoak eta estimulagarriagoak.

Filosofia honen oinarriak 1972an Estokolmon eta 1992an Rio de Janeiron Nazio Batuen Erakundeak Ingurumen eta Garapenari buruz egin zituen goi bileretan hasi zen ezartzen.

Bilera horietatik, besteak beste, “Agenda 21 lokala”ren kontzeptua sortu zen, hau da, tokian tokiko herritarrek maila lokalean hezitzeko eta kontzientziatzeko tresna bat garapen eramangarrirako planak abian jartzeko.

Agenda 21 lokalak tokian tokiko ezaugarrien arabera finkatu beharko dira eta, horretarako, kontuan hartu beharko dituzte irizpide batzuk, besteak beste, bertako ingurumenaren arazoak edo ezaugarriak, ekonomiarenak, eta alderdi sozio-kulturalenak. Prozesu honek behetik gorakoa izan behar du eta bertan funtsezkoa izango da gizarte zibilak ereduak eta kontrolatzen parte hartzea.

Hori guztia lortu ahal izateko, administrazio lokalek orain arte izan dituzten hazkunde eta garapenaren kontzeptzioak aldatu beharko dituzte eta, era berean, herritarrak informatu, kontzientziatu eta beren parte-hartzea bultzatu.

Adituen ustez, honek guztiak demokrazia parte hartzaileagoa ekarriko liguke. Hemendik aurrera, Hirien Plangintza Orokorrak berrikusi egin beharko dituzte agintariek eta, bide batez, bakoitzak egindako hiriko Agenda 21 lokalean txertatu plangintza horietan.

Azken finean, nazioen, enpresen eta gizabanako guztien jarrera aldaketetan datza etorkizuneko hirien eramangarritasuna.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun