Mugikortasun eskaseko pertsonentzako bigarren taxi egokitua izango du Getxok

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 5a, 21:04

Getxoko Gobernu Batzordeak 12.020 euroko dirulaguntza emango du mugikortasun eskaseko pertsonentzako taxi egokitu bat erosteko. Honekin, Getxon ezaugarri hauetako bi taxi ibiliko dira, zentzu honetan gobernu taldeak ezarritako helburua errealitatea eginez. Getxoko Udalak 2002an IMSERSOri eta ONCEri dirulaguntza bana eskatu zien, gure udalerria beren deialdietan kontuan har zezaten. "Erantzuna heldu arte denbora luzea igaro zen eta denboraldi horretan ibilgailu egokitu bat erosteko interesa agertu zuten bi taxistetako batek ideiaz aldatu eta bertan behera utzi zuen bere asmoa. Azkenean 2003ko maiatzean lehen taxi egokitua martxan jartzeko hitzarmena sinatu eta dirulaguntza eman zuen Udalak", gogoratu du Iñaki Zarraoa alkateak.

Lehen taxi egokitua martxan jartzearekin legediak 83 mila biztanleetako udalerrientzat ezartzen duena osta-osta betetzen zen. Hori dela eta, Udalak beste bat martxan jartzea lortzeko ahaleginetan jarraitu du. "Gainera, legeak berak dio, baimena duten taxisten artean mugikortasun eskaseko pertsonentzako taxi kopuru nahikorik ez badago, Udalak berak baimen berriak kaleratu beharko lituzkela" dio Zarraoak.

Azkenean, "ez da horrela izan" eta beste taxista batek ezaugarri hauetako ibilgailu bat erostea erabaki duela azaldu du alkateak. Horrela, taxi-gidari honek aurrekoari emandako antzeko dirulaguntza jasoko du eta konpromiso batzuk hartu beharko ditu, hala nola, taxi egokitua gutxienez lau urtez mantentzea; mugikortasun eskaseko lagunei eta aulki gurpildunetako erabiltzaileei lehentasuna ematea; Getxoko Taxisten Elkartearen emisoran sartzea eta ibilgailuaren funtzionamenduaren teknikoa eta mekanikoa oso ondo zaintzea, baita kanpoko itxura ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun