Utopia ez da ezinezkoa, baizik eta inork oraindik egin ez duena

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 6a, 23:55

Munduko eta batez ere mundu honen islada den gure herrietako gizarte egoeraz keskaturik, herri ezberdinetako jendea elkartu gara.

Horrela, sortu berri den asanblada hau, gure eskualdeko kolektibo eta talde desberdinek aurrera eramaten dituzten borroken euskarri eta bultzatzaile bihurtu nahi da. Baita inoren gain ez dauden borroka askoren bultzatzailea. Sistema kapitalista, inposatzaile eta errepresibo honi guztiok modu bateratu batez aurre egiteko.

Kolektiboa sortzean, guztioi erasotzen gaituen politika salatzea eta inork bere gain hartzen ez dituen borrokak aurrera eraman eta bultzatzea du helburu.

Aspaldi honetan, Gizarte Mugimenduen gainbera nabaritu dugu, sistema errepresibo honen politikak eraginda, mugimenduak kriminalizatuz eta baztertuz; errepresio poliziala, gaztetxeen birrinketak, manipulazio mediatikoak... lagun duelarik.

Horregatik pentsatu dugu, behar beharrezkoa dela Uribe Kostako herriak bilduko dituen kolektibo bat sortzea. Gure etorkizunaren burujabe izateko eta gizarteari bizkarra emanez gure herrien norabideak gidatzen dituzten espekulatzaile, diruzale eta sasipolitikariei hortzak erakutsita inongo nagusi
sentitu ez daitezen eta bidea laua ez uzteko.

Gure helburua talde edo pertsona ezberdinen borroken artean elkarguneak sortzea da, guztion artean kultura herrikoia indartzeko, eta gure inguruaren babesa eta konpromisoa lortu. Batasun hau oinarrizkoa ikusten dugu gizarte aldaketa suspertu nahi baldin badugu.

Beraz, pertsona zein kolektiboentzako bilgune iraunkor hau, elkartopatzeko, debatitzeko, kritikatzeko, aldaketa pizteko eta ekintza zuzena bultzatzeko beharrizanaz sortu da.

Sortu berri den asanblada hau, borroka zehatzetan badihardu ere, beste zenbait borroketarako laguntza foroa izan daitekeen kolektibo independientea da.

Gauza asko egiteko, erreibindikatzeko eta aldatzeko daude, beste mundu bat beharrezkoa delako... goazen ba, eraikitzera.

Antolatu adi eta borrokatu!!!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun