LPPk eskualdera ekarriko duen 'hondamendia' salatu du Amarratsak kolektiboak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 6a, 23:55

Bizkaiko Foru Aldundia bultzatzen ari den Bilbo Metropolitarreko Lurralde Plan Partzialaren (LPP-PTP) aurrean ezinegona eta desadostasuna adierazteko, UK=CU izeneko kanpaina abian jarri du Amarratsak kolektiboak. Alde batetik, Getxotik Plentziara, kostaldetik gertu egingo diren etxe eta errepideen aurka agertu dira eskualdeko hainbat gaztek osatzen duten taldeko kideak, "hondamendi ekologikoa" ekarriko dutelako. Baina "luxuzko etxeen eraikuntza masiboak (9.953 etxe berri) dakarren eremu berdeen desagerketarekin" ez ezik, etxe horiek edukiko duten salneurriarekin ere kezkaturik daude kolektibokoek. Euren iritziz, "bakar batzuen eskura baino ez dira egongo, gizartearen beharrak baztertuz". Hain zuzen ere, Uribe Kostako herriak Bilbo hiriaren jarraipena (CU=continuo urbano) bilakatu nahi dituztela salatu dute, "herriak bizirik eta euren nortasuna mantenduz" nahi dituztela aldarrikatzearekin batera. Horretarako, eta Amarratsak kolektiboa bera jende aurrean aurkezteko, hitzaldia antolatu dute maiatzaren 12an, 19:30etan, Algortako Kultur Etxean (Villamonte). "Zer gertatuko da gure eskualdeko herriekin?" izenburupean, Txema Piko izango da hizlaria.

Amarratsak kolektiboko gazteek gaur Algortan emandako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, 1.100 mila bizkaitarretatik 900 milarengan izango du eragina Lurralde Plan Partzialak. Besteak beste, Uribe Kosta eskualdera mugatuz, "kostaldetik 200 metrora doazen errepide berriak eta milaka eta milaka etxe" egingo dituztela nabarmendu dute, eta euren ustez, "hondamendi ekologikoa" ekarriko du honek. Izan ere, "gaur egun sortzen diren karabanak arintzeko aitzakiaz" errepide berriak egiteak "adabakiak jartzea baino ez" dela uste dute. "Benetako arazoa ez du konpontzen. Urte batzuk barru ere auto-ilarak sortuko dira, zer egingo dute orduan? Errepideak bildur barik eraiki eta eraiki lekurik ez egon arte?", galdetzen diete euren buruei.

Egingo diren etxeak "luxuzkoak" direla diote Amarratsakekoek. Hori dela eta, "gutxi batzuen eskura baino ez" direla egongo diote: "Ez al dira konturatzen arazoa ez dela etxebizitza kopurua, hauen prezioa baizik?" Are gehiago, "Uribe Kostan 11.911 etxe huts" egonda, ulergaitza egiten zaie kolektibokoei gehiago egitea. Gainera, adierazi dutenez, "Aldundiak berak populazioari buruz egin duen ikerketaren arabera, 2018ra arte, Bizkaiko populazioa jeitsi (50.118 lagun gutxiago) edo mantenduko da (16.539 lagun gutxiago), eta 2,43 pertsona egongo dira etxe bakoitzeko, 2001ean 2,83 bizi zirelarik. Zergatik orduan hainbeste etxe?"

Herriak bizirik

Azken finean, eskualdeko herriak "Bilboko lo-herriak" eta Uribe Kosta bera "etenik gabeko hiria" bilakatu beharrean, bakoitzak bere nortasuna mantentzen jarrai dezala nahi du Amarratsak kolektiboak. "Gure herriak txikiak dira, bizirik daude, gure herrietan jendea ezagutzen da, jendea antolatu egiten da jai batzordeak, auzotarren elkargoak, dantza taldeak, kirol taldeak... sortzeko", gaineratu dute. "Gizarte lagunkoiagoa eta gizatiarragoa" aldarrikatzen dute gazte hauek. Are gehiago, "espekulazioarekin eta eraiki daitekeen guztia lur-sailetan saltzearekin" lotu dute LPP. Euren hitzetan, "bizirik dagoen herri bat gara eta badakigu zelako eskualdea nahi dugun, horregatik nahiz eta informazio argirik ez eman eta guregan eraginik ez duela izango pentsarazi, argi daukagu ez dugula gure eskualdea eta gure geroa dirugose eta botere gose direnen esku utziko".

Uribe Kosta osoko kolektiboa

Amarratsak kolektiboaren kanpainak ez du inor ohargabe utzi. Azken hilabetean, hainbat eta hainbat izan dira UK=CU zioten pegatinak agertu diren kalekantoiak; burua apurtu beharrean ibili da bat baino gehiago leloari esanahia aurkitu nahian. Azkenik, gaur eman digute argibidea.

Baina kolektiboa bera orain dela hiru hilabete inguru sortu zen. Euren herrietako egoeraz kezkaturik, Uribe Kostako hamabost gazte inguru batzen ditu gaur egun, eskualdeko kolektibo eta talde ezberdinek diharduten "borroken euskarri eta bultzatzaile" izateko asmoarekin. "Baita inorengan ez dauden beste askorena ere". Uribe Kosta osoa hartzen du esparru Amarratsak, nahiz eta Urdulizko baten bat falta den aitortu diguten.

Besteak beste, kontzertuak, hitzaldiak... antolatzeko asmoa dute. Baita Erandioko Ertzaintzaren superkuartelara aurkako martxa ere. Izan ere, LPPrekin batera, hori baita kolektiboak jorratzen ari den ildo nagusietako bat.

Utopia ez da ezinezkoa, baizik eta inork oraindik egin ez duena - Amarratsak kolektiboa
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun