Dirua aurreratu die hainbat jai batzorderi Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 7a, 23:16
Erromoko Jaietan alkoholik gabeko txosna egongo da

Getxoko Gobernu Batzordeak 10.348 euro aurreratuko dizkie udalerriko jai batzorde batzuei euren egitarauak prestatzen has daitezen. Horrela, Erromoko Jai Batzordeak 6.300 euro jaso ditu; Santa Anakoak eta Mesedetakoak 1.803 euro bana; Karmengoak 1.262 euro eta Martin Deunakoak 983 euro. "Batzordeek jai egitarauak prestatzen hasteko egindako eskaerari erantzuna ematea izan da diru kopuru hauek aurreratzearen arrazoia, krediturik eskatu behar izan ez dezaten" Iñaki Zarraoa alkateak adierazi duenez.
Beste alde batetik, jai batzordeetako txosnen alokatzea, lehiaketara atera du Udalak. Honako zazpi jai hauek izango dute txosna: Isidro Deuna, Karmen, Santa Ana, Iñaki Deuna, Erromo, Portu Zaharra eta Mesedetakoek. Txosna hauek jai batzordeentzat izango dira; udalerriko kultur, gizarte edo kirol elkarte desberdinei egokitutako gainontzekoak elkarteen ardura izango dira, ez udalarena.

Aipatutako zazpiekin batera alkoholik gabeko bi txosna ere jarriko dituzte; Iñaki Deunaren jaietan jartzen zena eta aurten, lehendabiziko aldiz, Erromoko jaietan jarriko dutena, udalerriko kultur elkarte baten ardura izango dena. Ezaugarri hauetako txosnen harrera oso ona ez izan arren, Udalak horien aldeko apostua egiten segitzen du, "apurka apurka ohiturak aldatzen joateko".

Gainera, Gobernu Batzordeak Getxoko jaietan jarriko dituzten komun kimiko eta mugikorren alokatzea 15.244 eurotan esleitu du. Guztira, banakako 91 komun eta 7 modulo alokatuko dira, udalerriko 10 jaietan jartzeko, eta Aixerrotan, Paellen egunean ere bai.

Aipatutakoa egin ondoren, Erromoko, Iñaki Deuna eta Portu Zaharreko jaietako txosnak kultur, kirol edo gizarte elkarteri egokitzea geratzen zaio Getxoko Udalari.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun