1. Herri Urrats, euskara eta ikastolen aldeko besta
Herri Urrats, euskararen alde antolatutako besta bat da. Senpereko aintziraren inguruan egindako elgarretaratze bat, urtetik urtera harrera hobea ukaiten duena, eta ikastolen lagun eta euskararen babesleen hitzordua ezin hutsegina bilakatu dena.
Praktikan, Herri Urrats ibilaldi bat da, Senpereko aintziraren inguruan antolatua. Zirkuitoaren itzulia egitea (4 km) ez da nahitaezkoa, bakoitzak pagatzen ditu nahi dituen kilometroak, berak erabaki duen prezioan. Pertsona bat ibiltzen ahal da enpresa edo kooperatiba baten izenean. Zirkuitoaren inguruan, ostatuak jateko eta edateko, animazioak (antzerkia, dantzak, musika, txontxongiloak, jokoak, indar jokoak, erakusketak, liburu eta disko salmenta...) eta lasai egoteko tokiak aurkitzen dira.
Urtetik urtera kultur mailako elgarretaratze handienetako bat bilakatu da besta hau, Euskal Herrian, bai Akitania mailan. Milaka jende etortzen da zazpi probintzietatik eta hurrunagotik ere, Senpereko aintziraren inguru xoragarrian egun alaitsu hortaz gozatzeko, eta euskararekiko atxikimendua erakusteko.
Besta hori Euskararen inguruko elkartasunaren adierazgarri da. Euskaldunak, euskaldun ez direnak, Europako eta Munduko bizilagunak... elgarretaratzen dira, besta tarteko eta giro onean, goraki errateko:
"Hizkuntza guziek munduaren hondarrea aberasten"
"Doala euskara lau haizetara"
2. Herri Urrats, diru iturri bat ikastolen garapenerako
Ikastola euskal eskola da. Irakaskuntza eta komunikazio hizkuntza euskara da, frantsesa sartzen da CE1 mailatik aitzina. Lehen mailaren bukaeran haurrak egiazki elebidunak dira (Hezkunde Nazionalak 6garrenean sartzean egiten duen ebaluaketak horrela frogatzen du).
Ikastolak erakaskuntza zerbitzu publiko bat eskaintzen du. Edozein opinio politiko nahiz erlijiotik kanpo, ikastola eskola laiko bat da, haurrak euskaraz hazi nahi dituzten guziei idekia.
Oraingo ikastolen estatutuak (Estadoarekin elkartze kontratua) erakaskuntza ereduaren ezagutza erakusten du. Bainan estatutu hori, 1959 garren urtean egina gaurregun desegokia da eta ikastolen garapena trabatzen du.
Ondorioz urtero bertako enpresei eta herriko etxeei dei egiten diegu, ikastolen garapenerako laguntza ekar dezaten .
Orain arte Ikastolen Kontseiluak erabakirik, Herri Urratsek utzitako uzta baliatua izan da eraikitze eta berrantolaketan, hala nola :
=> Kolegioetan : Xalbador Kanbon, Piarres Larzabal Ziburun, Manex Erdozainzi Etxart Donaixtin.
=> Lehen mailako ikastoletan : Donapaleun, Angelun, Kanbon, Sohütan, Urrunan.
Gaurregun 18 lehen mailako eskola, 3 kolegio eta lizeo batek Seaska osatzen dute.
1969 : ikastola bat eta 8 ikasle
1975 : 11 ikastola eta 305 ikasle
1990 : 15 ikastola eta 1000 ikasle
1995 : 18 ikastola eta 1450 ikasle
2000 : 23 ikastola eta 1851 ikasle