Ur-kirolak atsegin dituzten guztiek piraguismoa ezagutu eta praktikatzeko aukera edukiko dute maiatzaren 9an. Izan ere, Ate Irekien Jardunaldiak antolatu ditu, igande honetan, Barrika Piragua Taldeak. Besteak beste, mota desberdinetako piraguetan (hasierakoak, turismorakoak, lehiaketarakoak...) ibili ahal izango dira, 10:00etatik 13:00etara edota 16:00etatik 18:00etara, klubeko intalazioetan (San Telmo aurrean) batzen direnek. Hori bai, antolatzaileek adierazi dutenez, beharrezkoa da igeri egiten jakitea. Hala ere, monitore adituen laguntza izango dute parte-hartzaileek.
Gazteentzako txapelketa antolatu du Abaroa Tenis Taldeak
Beste alde batetik, maiatzaren 15etik 23ra, Gazteentzako Udaberriko I. Tenis Txapelketa antolatu du, neska eta mutilentzat, Barrikako Abaroa Tenis Kirol Taldeak. Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako lehiaketa egutegiaren barruan dago eta federazioan inskribatuta egon beharko dira parte-hartzaileak. Maiatzaren 12a izango da izena emateko azken eguna. Horretarako, 10 euro eta federazioan daukaten zenbakia eman beharko dituzte guztiek. Partidak bi asteburuetan jokatuko dira, 10:00etatik aurrera, klubeko tenis pistetan. Finalak, berriz, maiatzaren 22an eta 23an izango dira.
Horretaz gain, oraindik ere martxan dago Abaroak antolatutako tenis ranking-a. Dagoeneko 21 partaide daude, eta gogo handiz aritu izan dira azken hilabetean. Baina, oraingoan, emakumeak animatu nahi dituzte bertan parte hartzera.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.