Emaitza hauek kontutan hartuta, Bizkaiko ohiko Lurralde Batzordean bozkatzeko aukera duten 178 ahaldunen babesa jasoko du Iñigo Urkulluk, bihar (maiatzak 8) egin behar duten batzarrean. Zarraoak 23 baino ez ditu alde izango.
Besteak beste, BBBko lehendakariaz gain, Bizkaiko exekutibako 12 kide, EAJko Nazio Batzordeko 32 eta Lurralde Auzitegiko lau aukeratuko dira larunbat honetan. Guztira, 24 mila afiliatu daude Bizkaian, 123 udal batzarretan banatuta, 214 ahaldun guztira.
Udalerri garrantzitsuenei dagokionez, Bilboko Errekalde eta Abandon, eta Mungian lortu du irabaztea Zarraoak. Urkulluk, berriz, Getxon, Ezkerralde eta Eskuinaldean, Bilboko 12 batzordeetatik hamarretan, Basaurin, Galdakaon eta Gernikan, hurrenez hurren.
Hautes prozesuaren bigarren itzulian, 105 udal batzarren babesa jaso ondoren, karguan jarraitzeko aukera guztiak ditu Iñigo Urkullu egungo EAJko Bizkai Buru Batzarreko lehendakariak. Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak, aldiz, 13 batzordeetan baino ez du irabazi. Zenbaketa honetan Bilboko Larzabal eta Bilbo-Zaharra, Lekeitio, Erandio eta Gorlizko emaitzak falta dira, gaur 20:30etatik aurrera egiten ari direlako bozketa. Hala ere, azken emaitzan ez dute eraginik izango.