Kirol azpiegiturak - Fredi Paya / bertsolaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 7a, 23:45

Bizi dugun gizartean clicheen erabilera beharrezkoa egiten zaio biztanle askori bere inguruan dagoen jendearen funtzioa ulertu ahal izateko. Ondorioz, bertsolaria kirolaren gainean berbetan ikusteak bat baino gehiago harritu lezake. Amurizak, orain aspalditxo, bertsoa hitzaren kirol nazionala dela esan bazuen ere. Kontua da, guk, jende gehienak egiten duen moduan, kirolari eskaintzen dizkiogula gure asteko zenbait ordu. Batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago. Baina ematen ditugu.

Gure udalerriko Fadura polikiroldegia sano ezaguna da Getxotik nahiko urrun dauden lekuetan ere. Denetarik, edo ia denetarik, duela esaten entzun izan diot bati baino gehiagori. Eta konforme nago adierazpen horrekin. Gero, honez gain, beste kiroldegi txikiago batzuk ere baditugu gure artean. Argitu gura nizueke publikoez baino ez naizela ari.

Pribatuetan egundo ez naiz egon eta. Hala ere, kalitatearen aferan sartzeko asmorik ez dudan bezala ,hori adituek egin bezate, biztanle kopuruaren eta instalazioen kapazitatearen arteko zatidura da gaur mintzagai dudana.
Ehun mila biztanle inguruko udalerria da gurea. Aitzitik, libre dagoen frontoia aurkitzeko inguruko herrietara alde egin beharrean izaten gara sarriegi. Herrian Fadurako frontoien alternatiba agertzen digute, baina honek polikiroldegiko bazkide ez direnak kanpoan uzten ditu. Noizko ganorazko frontoia algortarrontzako? Txiki Otaegikoari uko egin barik, oso maitea baitut, bada garaia gure geografiako herri gehienek daukaten moduko frontoia izan dezagun. Hainbeste txaleten artean topatuko du ba udalak horrentzako beharrezkoa den lekurik. Ene aburuz, sikira.

Igeritokien kasuan gauza bera. Udan gure kokapen geografikoak jende gehiena hondartzaren aldeko hautua egitera bultzatzen duen arren, neguan arrunt gaitza da langile eta ikasle gehienen astialdi orduetan igeri egiteko tokirik aurkitzea. Masifikazioa ematen delako denon eskura daukagun igeritoki bakarrean. Alternatibak zentru pribatuetara direlarik. Deitoragarria benetan.

Beraz, bada garaia udalerriko biztanle kopuruarekin proportzionala den kirol azpiegitura izan dezagun. Gure osasunaren alde.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun